Asteon entzun dugu Mertxe Aizpurua Espainiako Diputatuen Kongresuan esaten, Euskal Herria harrera herria dela. Hitzok entzutean eta esan zuen modua kontuan hartuta, konbentzimendu osoz, harrotasun poxi batek harrapatzen du euskaldun oro. Gu ere migratzaile izan ginelako dakigula hori zer den azpimarratu zuen. Horregatik garela herri irekia.
Baina ez nahi beste, gehituko nuke nik. Eta lotuko dut asteon bizi izan dudan gertakariarekin.
Astean, gure etxean zaintza-lanak egiten dituen zaintzaile atzerritarrak, ez duela areago euskaltegira joan nahi esan digu, irakaslea arrazista delako. Pozarren egin zuen iaz lehenbiziko urtea. Eta etxean berarekin euskaraz bizitzen hasiak ginen. Baina badirudi, bere azentua ez dela garbia, edo egiten dituen galderak ez direla euskara irakaslea asetzeko modukoak. Orain, beste euskaltegi edo beste irakasle batekin egin beharko dugu saiakera, gure etxeko langilea euskaldunduko badugu.
Egunotan, Jakin-ek bere proiektu eraberrituaren aurkezpena egitean, “Jakin beharreko 222 esaldi” izenburua duen liburutxoa argitaratu du. Eta bertan irakurri ahal izan ditudan bi esaldi gelditu zaizkit iltzatuta. Lehenbizikoa, Petra Elser itzultzailearena da, eta honela dio: “Hutsune handi bat dago migrazioa eta euskara ezkonduko dituen eremuan. Momentuz, euskalgintzaren argazkia zuria da eta euskara planetaren argazkia are zuriagoa”.
Eta bigarren esaldia, Andoni Eizagirre ikerlariarena: “Kultura batek edukiz eta formaz bereganatu ohi du bere tradizioa historikoki; baina, pertsonen sentieran, pentsaeran eta jokabide etikoan sustraitu ezean, hitzaren azalekoa baizik ez da mantenduko, zertarakoaren eta haren eraginkortasunaren kaltetan”.
Esaldiok inoiz baino gaurkotasun handiagoz janzten dira Xabier Aierdi soziologoak, jada, 2008an iragarri zuenarekin: “Inmigrazioak gizarte konposizio berri bat dakar, erronka berrituak dakartza, aniztasun eraberritua ere… aspalditik planteatuta dauden arazoei egungo erantzunak ematera behartuta gaude”.
Harreraz dihardugunean, bada, ezin hitzaren azalekoan gelditu.