Izugarri kostatzen zaigu benetan pentsatzen eta sentitzen duguna azaleratzea. Batez ere, politikoki zuzena ez den horren aurrean. Eta, bereziki, politikoki zuzena ez den horren aurrean, jada, epairik egon bada, batez ere, medioen aldetik. Munduko arte-lan ezagunenetako batzuek jasan duten erasoaren aurrean hartu dugun jarreraz ari naiz.

Ez, ez dago ondo. Inolaz ere. Nola eginen diogu eraso arteari? Kulturari? Kulturari eraso egiten dionak, gizateariari egiten dio eraso, eta gizateria eta artea gu gara. Guztiok gara. Guri egin digute eraso. Guztiona den horri.

Bai. Hori guztia horrela da. Baina planeta ere guztiona da. Gu gara. Eta ezer gutxi egiten ari gara gure etxea zaintzeko. Gure etorkizuna (eta gure ondorengoena) babesteko.

Beraz, eta esatera ausartuko naiz, aldarrikapen oso onak iruditu zaizkit, munduko hainbat museotan gazte batzuek arte-lan oso esanguratsuei pintura bota izana eta beren buruak arte-lanaren izkina bati pegamenduz lotzea. Mezua iritsi da. Eta ez nolanahi! Barrabaskeria tamainakoa delako.

Barrabaskeriak, ordea, ez ditu arte-lanak hondatu. Areago ezagutarazi ditu. Haien merkatu-balioaren inguruko eztabaidak sustatu ditu. Eta, orain, gehiago balio dute. Orain, ukiezinagoak dira. Ukiezinagoak zaizkio gizateriari.

Eta hor ditugu gazteak. Barrabaskeria egitea otu zaien gazteak. Lortu dituzten lerroburuek bi aldiz merezi zutela esanez, gaua espetxean pasatzea.

Barren barrenean, badakit, nahiz eta aitor-tzera ausartu ez, gehientsuenok gazteekin gaudela. Ideia geniala iruditu zaigula. Berria. Efektiboa. Freskoa. Eurena den planetaren edota etxearen aldeko ekintza ausardiaz burutu dutela iruditzen zaigula. Gizateriaren aldekoa. Gure aldekoa ere bai, naiz eta gu, zuzenak garenok, ez garen mugitzen. Eta zuzenak izaten jarraitzen dugun, gure poltrona erosoetan jarrita.

Bai, geniala iruditu zait gazteen jarrera. Erasotu dituzten arte-lanen balioaren tamainakoa. Eta artearen izpirituari guztiz lotua. Artea horretarakoxe baita, guztion mundua esplikatzeko eta guztion mundua eraldatzeko.