Ondarroako esaera ezaguna eta erabilia da: “txibitxan ibili”. Galduta ibiltzeari deitzen zaio. Itsuan aritzeari. Zerbaiten bila noraezean saiatzeari.

Erraz irudikatu lezake batek, txibiarengana hurbildu eta hark bere burua defendatzeko botatzen dizun tinta beltzaren erdian, nola aritu zaitezkeen, galduta, itsuan, noraezean. Eta erraz irudikatu lezake baita ere beste edonork, gauaren beltzean txibiak harrapatzen ibiltzeak zein nolako enpresa zaila izan behar duen. Baina betidanik egin izan da. Txibiak gauean (edo goizaldean, oraindik argiak urratu gabeko orduetan) arrantzatzea. Hondarribian salatu eta geldiarazi ditu Guardia Zibilak bi txalupa gauean txibiak harrapatzen ibiltzeagatik. Led argiarekin omen zebiltzan eta 6 kilo izan dira txalupariek otzaran, jada, jasota zituztenak. Orain ezin da gauez txibiak harrapatzen ibili. Espeziearen biziraupenerako omen errespetatu eta gorde beharreko araua. Hainbeste arau ditugu…!

Aurrera jakin nuen, globo aerostatikoetan bidaia laburrak eskaintzen ibiltzen direnek ere, arauak gorde behar dituztela. Bidaiaren segurtasunaren mesedetan jarritako arauak. Besteak beste, bidaia bukatzean globoak oraindik izan behar duen gas kopurua da zaindu beharrekoa. Aurreikusitako bidaia bukatzean, aipatu bidaia egiteko behar zen gasaren %20arekin bukatu behar omen da. Bestela, isuna jasotzen du bidaia antolatu duen konpainiak. Bere logika dauka eta zera da: bidaia zertxobait luzatu beharra izanez gero ere, larritasunik gabe portura heltzeko adina gas izan behar duzula. Segurtasuna lege.

Baina %20 hori gabe heltzen zaren bakoitzean egon behar duzu egiaztatzen, haize aldaketak bestelakorik eskatu eta bidaiaren nondik norakoa aldatu behar izan duzula. Legeak berak dakar tranpa. Halaxe bizi gara garaiotan. Salbuespenak ezin azalduta. Egin ezin den hori ezin salduta. Arau urraketek sortzen dituzten albiste sinesgaitzen aurrean harridura ezin izkutatuta.

Hori ere, bada nolabait, txibitxan ibiltzea. Munduan barrena galduta, itsuan, eta noraezean.