Athletic-ak irabazi du aurtengo Errege Kopa. Batzuen ustez, merezi zuen. Beste batzuen ahotan, tokatu egiten zen. Aurten bai! leloarekin abiatu ziren jarraitzaileak Sevillara edota irakurri ahal izan dugu ETBren emanaldian. Zoriontzekoa eta poztekoa lortutako emaitza!
Gehiengo zabal batentzat ulergarria da kirolean, kasu honetan futbolean, gertatzen dena. Galdu edo irabazi egiten dela, alegia. Txanpon beraren bi aurpegiak direla esango dizute. Kontua da, klub batzuk gehiagotan irabazten dutela beste batzuk baino. Jokalari iaioagoak izango dituzte, entrenatzaile hobea edota talentua erakartzeko dirua. Arrazoiak horiek edo beste batzuk izango dira baina afizioak nahi duen emaitza jasotzen duenean, aitortu egiten du. Bestelako eremuetan, ordea, kiroletik kanpo, aitortzak egitea izugarri kostatzen zaigu. Norbait saritzen den bakoitzean, gainontzekoak diskriminatu egiten direla uste baitugu.
Gogoan dut, ikastola garaian, guraso batzuek “oso ongi” eta “bikain” notak kentzea eskatu zutela, suspensoak ateratzen zituzten ikasleekiko aldea ez nabarmentzeko. Ikastetxean desberdintasunik ez areagotzeko politikak behar zirela defendatu zuten eta, noski, desberdintasunak ereitearen alde inor ez zegoenez, bada, hiru nota bakarrik atera zitezkeela azkendu zuten: gaizki, nahiko eta ondo. Urte batzuen ostean, burutazio hura bertan behera utzi eta berriro ere ohiko notak jartzera itzuli ziren. Izan ere, sistema berriarekin ez baitzen gaizkien kopurua aldatu eta bai, ostera, ongitik gorako notak ateratzeko gaitasuna zutenen motibazioa galdu. Beraien lanak ez zuela aitortzerik adierazi zuten gazteek eta diskriminatuta sentitzen zirela.
Orduan ikasi genuen helburua ez zela ahalmen ezberdinetako pertsonak bereiztea, bakoitzari behar duena ematea baizik. Eta ikasi genuen, baita ere, guztiontzako kafea ez dela berdintasuna ereiteko politikarik onena. Baina ordutik hona euri asko egin duen arren, errebindikazioak ziklikoak izaki, eskubideen eta merezimenduen artean dagoen diferentzia ulertzeko zailtasunekin jarraitzen dugu.
Badira, harriak, beren lekutik mugitzen ez direnak.