Politikari buruzko albisteak irakurtzen ari nintzen gainetik, arreta handirik jarri gabe (buruan beste kezkak: bazkarirako zer prestatu edo zer liburu irakurtzen hasi), harik eta Pello Otxandiano lehendakarigaiaren adierazpenekin tupust egin nuen arte: zerrenda bozkatuenaren itsaso sakon eta arriskutsuan murgilduta nabaritu nuen Otxandiano jauna nire harridurarako. Ai, pentsatu nuen, nora zoaz ur bila eder galant hori? Albistea berrirakurri nuen jakiteko zenbat oxigeno eraman behar zuen murgilaldi horretarako. Ulertu dudanaren arabera, Otxandianok alderdien arteko “kolaborazio-guneak” proposatzen ditu “herri-agenda aurrerakoi eta eraldatzailea” aurrera eramateko, “eskuin atzerakoia” kanpoan utziz; gune berri horren buruan zerrenda bozkatuena egon beharko litzateke, beste ziklo politiko batean gaudelako, lehen indarra baztertzeak ez duelako zentzu handirik eta abar. Beraz, eta barkatu gaizki ulertu badut, proposamena hauxe da: EH Bildu zerrenda bozkatuena balitz, Otxandiano lehendakaria izango litzatekeela herri-agenda hori adostuko luketen alderdiekin, guztiekin edo ia guztiekin, Legebiltzarrean gehiengoa osatu ahal dutenekin. Otxandianok ez du PSE prest ikusten, baina bai EAJ, PP kanpo, jakina. Arrazoizkoa izan daiteke, baina ez al da goizegi, itsasoaren sakonera neurtu gabe dagoenean?

Handik gutxira Ortuzar jaunaren irribarre maltzurra ikusi nuen: eskertzen ziola Otxandianori EAJ talde aurrerakoian sartu izana; zerrenda bozkatuenaz ez zuen ezer esan, baina kolkoan ondo baino hobeto izango du gordeta zer gerta ere. Oraindik ez dakigu noiz izango diren EAEko hauteskundeak, eta garrantzitsuagoa dena, ez dakigu zer aterako den. EAJ zerrenda bozkatuena bada, txantxa egina dago.

Hasiberri baten labainkadatzat jo daiteke Otxandianorena, baina azken aldian hortik eta hemendik zerrenda bozkatuenaren arazoarekin sortu diren zalapartak kontuan izanik, deigarria da Itsasoko Nabigazioneko liburu bat ez kontsultatzea aldez aurretik.

Adierazpen xelebreak egiteko badugu Andueza lehendakarigaia, gainera.