Azken egunotan bankuek, energia-konpainiek eta beste enpresa handi batzuek lortutako etekinez, etekin handiez, bete zaizkigu hedabideak eta, aldi berean, ez da egunik pasatzen, zergak direla-eta, enpresa horien kexak eta arrangurak entzun gabe. Repsoleko Josu Jon Imaz jaunarenak ingelesez entzun ditugu, kexekin mehatxuak zabaltzen: inbertsio berriak Espainian (ai, Josu Jon) egin baino lehenago egoera aztertu behar dutela, zerga bereziak ez direla legezkoak eta abar. Petronorreko Emiliano López Atxurra jaunarenak anglizismoz beteriko gaztelaniaz ildo beretik joan dira: Bizkaian planifikatutako inbertsioak stand-by-n utziko dituztela, araudia egonkorra ez delako edo horrelako zerbait, hau da, araudia ez zaiolako gustatzen. Arantxa Tapia andreak kezkatuta dagoela adierazi du, baina ulertzen duela kontua (ea greben kontua ere ulertzen hasten den).
Nik ere, pertsona ulerbera naizenez, oso ondo ulertzen dut enpresa horiek ez dutela zergarik atsegin, ez dute inoiz atsegin izan, noski. Ez naiz batere harritu. Hitzekin lan egiten dudanez, gehiago harritu naute gure enpresaburuek hautatu dituzten kexa-hitzek: bati baino gehiagori entzun diot Estatuak bankuei eta energia-enpresei ezarritako zerga berezi horiek “diskriminatzaileak” direla, “diskriminatuta” sentitzen direla, baztertuta. Beste hitz bat aukera zezaketen, baina ez, diskriminatuta aukeratu dute; benetan baztertua dagoen jendeari lapurtu diote hitza, hizkuntzari lapurtu diote hitza, guztioi alegia. Burutzen duten betiko erauzketarekin ez dute nahikoa, antza, eta hiztegia ere arpilatu behar dute, biktima gisa agertzeko helburuarekin. Beste washing mota bat azken finean (nik ere badakit anglizismoak erabiltzen).
Joera ez da berria: ezkerrak edo jendarte-mugimenduek garatu duten hiztegia higatzen ari da etengabe (ez soilik berez), botereak konturatu direlako hitz zehatz batzuk balio handikoak izan daitezkeela diskurtsoak eta kontakizunak moldatu eta maneiatzeko, bankuak eta energia-enpresak diskriminatuta (hara!) daudela esateko, adibidez.