Komunitatean bizi den gizakiaren lehen arrastotik, ezin ukatuzko ziurtasuna da pobrezia eta ahultasuna estuki lotuta daudela. Hondamendi naturalak, gerrak eta gainerako gatazka armatuak, goseteak, atzean uzten duten izugarrikeriaren sine die luzapenak, status quo jasanezinak... ahulenekin grinatu egiten dute beti. Berdin dio historiaurreaz edo egungo momentuaz hitz egiten badugu, tragediek modu esponentzialean biderkatzen baitute beren eragin hilgarria muturreko pobreziako gizatalde edo eremuetan. Naturaren indarrak, aldez aurretik abisatu gabe lehertzen denean, babesgabezia eragiten du ezinbestean zaurgarrienengan, baina gizakiaren neurrigabeko ekintzak, inoiz baketsua ez denak, mutur jasanezinetaraino zorrozten du. Eta horixe izan da, halaber, egun hauetan bizi izandako bi tragedien izendatzaile komuna: Marokoko historiako lurrikararik indartsuenak Atlaseko eskualde apal eta ahaztuenak kolpatzen ditu, eta, Libian, Jainkoaren eskutik utzitako bi presa zaharkituen euste-hormak leherraraztu dituzte euri-jasek, Derna hiriko zenbait auzo aurretik eramanez. Bi kasuetan, milaka hildako eta desagertu. Laburbilduz: zorigaitzek ez diete berdin eragiten aberatsei eta pobreei, unea iritsitakoan desastrearen ondorioak kaltetutako eremu eta komunitateen prekarietateari esker handituko baitira. Baina benetan tragikoa dena geroxago dator, in situ laguntza eta kooperazio mordoaren, biktimen zenbaketaren eta kalte ekonomikoen kuantifikazioaren ondoren, arrazionaltasunaren puxika –baita ondo ulertutako elkartasunarena ere, hau da, egin dezagun karitatea alde batera– hustu egiten da. Munduko leku ahulenetan aukera gutxiago du jendeak hondamendien ondorioetatik berreskuratzeko, pobrezia-egoera larriagotu eginez, hortik ateratzea ia ezinezko bihurtuz, sorgin-gurpila… Holako patroiak bideratu eta gainditu ahal izatea estatuen esku dago, beraz gizakien esku. Ez ekiteko inongo aitzakirik ez egon arren, aurrean dagoen bidea luzaroz doa. Borondaterik al dago?
Hain urrun, hain gertu. Mugarik ez.