zentsurak, zentsurak eta zentsurak. Laster ohituko gara halakoez. Espainiako alderdi ultraeskuindarrek eraso bortitzari ekin diote lehen aukera izan dutenetik. Azken hauteskundeetan irabazitako aulkietatik talibanen moduan aritzen dira onartzen ez duten guztiaren kontra. PPk garbitu dio faszismoari sarbidea gure egunerokotasuna arautzen duen politikan, eta laster batean damutuko gara (dira?), baimen zoroa luzatu baitie arrazistei eta xenofoboei.
Aurreko asteko egunetan, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean mobilizazioak ikusi dira nonahi, beti harrotasunez eta aldarrikapenezko giro alaian, eta entzun ziren lema horietariko bat Zaindu dezagun elkar faxismoaren kontra izan zen. Azkenaldi honetan eraso homofoboak pairatu behar izan dira gure geografian. Argi dago batzuek ez dituztela pertsona guztien aniztasuna eta askatasuna errespetatzen, eta giza eskubideak zer diren ere ez dakite. Bandera koloretsuari trapua deitu diote, eta hainbat udaletxetako balkoietan kentzeko eskatu dute.
Espainiatik gorroto diskurtsoak datoz, bai eta zentsura berriak ere. Hiru letra dituen alderdi ultraeskuindarrak burutu duen azken eraso arrazoibakoa kulturaren esparruan izan da. Duten jakinduriarik eza bolumen handikoa da, eta ondorioz, Virginia Woolf idazlearen Orlando antzerki piezaren oholtzaratzea debekatu du herri bateko kultura zinegotziak, garai ilunetako praktika politikotik baztertuak ziruditen jarduerak eta esku-hartze onartezinak berpiztuz. Non eta eskumako Espainia horretan, literatura unibertsaleko autore goraipatu baten idazlan bati betoa jarri diote inolako eskrupulurik gabe. Badirudi animaziozko filmen batean agertzen den eszena batekin (bi emakume musu ematen diote elkarri) arazoak ere izan dituztela.
Pessoa idazleak esan zuen: “Gaur egun mundua ergelei, bihozgabeei eta asaldatuei bakarrik dagokie. Bizitzeko eta arrakasta izateko eskubidea eroetxe batean barneratzea lortzeko erabiltzen diren prozedura berberekin konkistatzen da: pentsatzeko ezintasuna eta amoralitatea”.
Agian, Pessoa bera ere zentsuratuko dute.