Azken hauteskundeetan oraindik alderdirik ez duen mugimendua edo ideologia edo bizimodua edo dena delakoa indartsu agertu zen Gasteizen behintzat. Gaztelaniaz kotxismo esaten diote aspaldidanik, euskara garbian autozalekeria izan daiteke, adibidez, nik lagunartean “Gasteizen alderdi kotxista izan da irabazlea” bezalakoak erabiltzen baditut ere. Kotxistentzat, autoastunentzat (izen egokia izan daiteke euskaraz), automobila (norberarena, jakina) jaun eta jabe da beti, eta beste garraiobideak oztopoa baino ez. Autoastunek beti daude espaloiak handitzearen aurka; udalak oinezko kaleak ugaritu nahi baditu, berehala agertuko dira kotxistak kexaka; eta zer esan bidegorriak zabaltzen badira, kotxistak oihuka izango dituzu aparkalekuak kenduko dituztelako, egia izan ala ez: kotxistek bizikletak gorrotatzen dituzte. Garraio publikoa da autoastunen beste etsai bat. “Kaleak gureak izango dira beti” da autoastunen lelo nagusia. Tranbia zabaldu nahi dutela, kotxistak kontra. Mugatzen dela ibilgailu pribatuen erabilera kale batean, autoastunak kontra. Abiadura moteltzeko neurriak hartzen direla, kotxistak kontra.
Gasteizen bus elektrikoen sare berria (bidegurutze bat, bus elektrikoak bakarrik erabili ahal duen kale zati bat...) izan da erabakigarria azken hauteskundeetan. Agian autoastun gehiago dago eskuineko alderdietan, PP izan da bus elektrikoaren kontrako aldarrikapena gehien altxatu duena, esate baterako (gogoratu Espainian eskuineko ideologiaren bilgune nagusi horren izena: Forocoches), baina infiltratuta daude alderdi guztietan, eta, noski, hedabide gehienetan. Garraio publikoa antolatzean egon daitezkeen arazoen aurrean drama, eskandalua eta oihuak dira nagusi, eta ez da faltako askatasunaren mamua aterako duena (norberaren autoaren askatasuna). Politikariek, oro har, kotxistak direnez, (batzuek txoferra eta guzti dute) amore eman dute, eta programa gehienetan bus elektrikoa mugatzeko neurriak hartuko dituztela agindu dute. Alderdi kotxistak irabazi du, hiria autoena da.