Gasteizek, Green Capital izendapena jaso eta gero, Discreet Capital izendapena merezi du, Diskrezioaren Hiriburua. Beharbada horregatik dugu egunotan gure artean Espainiako errege zaharra (eta suhi ohia aspaldidanik). Jakin nuen hona etorri dela hegazkin pribatu batean, jakina, haginez eta hezurrez asko dakiten sendagile pribatuak, jakina, kontsultatu eta tratamendu berritzaileenak jasotzera, baina harrezkeroztik “isiltasun informatiboa” deitzen dena nagusitu da. Badirudi hedabideak aspaldiko ohituretara itzuli direla, hau da, monarkia espainiarra dela eta, ezikusiarena egitera, mirabekeria lerdoenera. Edo agian Gasteizek duen laino diskretoari egotzi beharko genioke dena, oraintxe bertan aldi berean ditugun behe-lainoarekin eta hodei altuekin nahastuta (gure klimak horrelako bitxikeriak ditu): girorik perfektuena errege zahar erbesteratu (sic) bati (eta suhi ohiari) babesa emateko.

Jakin dut errege zahar diruzalea Arabako Errioxara joango dela medikutan ibili eta gero, familia aberats estatubatuar ospetsu baten abizena duen upategi batera, lagunak omen ditu, ezaguna baita Arabako Errioxako ardoak eta tratamendu mediku berritzaileenak primeran ezkontzen direla (“maridaje”, badakizue). Ez dakit zer pentsatuko duten Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko epaileek, epidemiologian eta soziolinguistikan jakintsuak izateaz gainera, orain demostratu berri dutenak ardogintzan eta enologian ere punta-puntako adituak direla. Ez dakit, Gasteizko lainoak ez dira normalean Arabako Errioxaraino heltzen.

Eta gero, ez ote dio errege zahar lotsabakoari euskal sukaldari-izar horietako batek ardi-irribarrez mahaia eskainiko jatetxe garesti eta diskretu batean? Agian den-dena Turismo Sail diskreturen batek antolatu du. Diskrezioa Gasteiz gainditu eta Euskal Herri osora zabaldu da. The Discreet Country: ez al da lelo ederra turismoa (kalitatezkoa, noski) sustatzeko? Ez dakit errege zahar andrekoiak Forondako aireportu gasteiztar ezin diskretuagoan hartuko duen berriro ere hegazkina bere urrezko paradisura itzultzeko. Kontatuko al digute zerbait hedabideek? Edo pertsona pribatu eta abar horrekin estaliko dute zentsura ez den (mesedez) zentsura hori?