Ez dakit zutabegileen elkarteren bat egongo den hortik, eta egotekotan, ez dakit sariak banatzen dituen afari apur bat dotore eta apur bat aspergarri horietako batean, baina, egotekotan, eta kidea izango banintz, sari berezi bat proposatuko nuke zutabegileak gaiez hornitzen dituzten norbanako edo erakundeetarako. Aurten, zalantzarik gabe, Garamendi jauna, enpresarien buru bizkaitarra, izango litzateke balizko sari horretarako hautagai nagusietako bat, finalista gutxienez. Zutabegileok Garamendiri eskerrak eman beharko genizkioke egiten dituen adierazpenengatik, astero ematen digulako gaia idatzi ahal izateko.

Orain dela hilabete-edo bere soldataz kexatu zen, 300.000 euroko soldata “apala” iruditzen zitzaion, eta orain dela gutxi adierazi du utziko beharko geniokeela pobreez eta aberatsez hitz egiteari, horrelako eztabaidekin gizartea erradikalizatzen delako (urrezko meategia edozein zutabegilerentzat). Dirudunentzat gustu txarrekoa izan da beti diruaz hitz egitea, jakina. Garamendik ez du ukatu pobreak eta aberatsak daudela, baina ez du horretaz mintzatu nahi, ez du uste horretaz mintzatzea komenigarria denik. Izena duenak izana du, eta hori guztia. Balizko zutabegileen elkarte horrek hizkuntzaren erabilerari buruzko beste sari bat emango balu, Garamendi izango litzateke horretan ere finalista gutxienez: “Apala” hitza erabiltzeaz gain, hizkuntza beraren funtzioei buruzko zalantza plazaratu baitu. Zer esango luke Roman Jakobson hizkuntzalariak?

Dena den, Garamendi jaunak ere egun txarrak ditu eta gutxieneko soldatak direla-eta egin dituen azken adierazpenek ez dute distira berezirik izan: gutxieneko soldatak igotzeak “enpleguaren uzkurdura garrantzitsua” ekarriko duela esan berri du (“una contracción importante del empleo”). Ikaragarrizko desilusioa hartu dut, badirudi betiko hizkera gatzgabe eta lehorrera itzuli dela, metaforak eta hizkuntzari buruzko kezka filologikoak albo batera utzita. Ea hurrengoan ustekabe ederren bat ematen digun, bestela ez da finalista ere izatera iritsiko.