Urtea bizi dugun bitartean, usu, ez gara konturatzen bizitzen ari garen gertakariek zer nolako pisua edo oihartzuna izango duten. Gertakari batzuekin susmoren bat zabaltzen zaigu baina horixe baizik ez da izaten gehientsuenetan, susmoa. Urteak pasatu behar izaten dira aipatu gertakariok utzi edo eman dutenaz ohartzeko. Atzera begirada laburra, zer nolako aurrerapausoak eman ditugun antzemateko.

Badira bi gertakizun, ordea, aurten 25 urte betetzen dituztenak, indartsu sortu zirenak eta sortu ziren momentuan ere ibilbide oparoa aurreikusten zitzaienak. Egunotan aipatu edo ospatu diren Euskaltzaleen Topagunearen eta Emun aholkularitzaren 25. urteurrenaz ari naiz. 1997 oso urte emaritsua izan zen euskalgintzari dagokionean.

Gogoan dut 1997ko ingurumarian, udal aurreratutzat jotzen genituela euskara elkarteen bidez herritarrentzako euskara hutsezko astekariak, hamabostekariak edo hilabetekariak sortu edota babestu zituztenak. Udalaren berri ematea zuten helburu batzuk, herriko kontuak partekatzeko euskarri izatea, besteek. Baina euskaraz aritzea zuten jomuga. Euskara elkarte asko ari zen han eta hemen lanean eta euskara eskolak ematetik jauzi berria eman zuten haietako askok: euskarazko herri komunikabideak sortzera. Irratiak, aldizkariak eta telebistak. Eta 1997an banaka lan egiten zuten euskara elkarte askotarikoei sinergia bateratzailea eskaintzeko sortu zen Euskaltzaleen Topagunea.

Horrekin batera, ezin ahaztu, Emun aholkularitzak Danobat Taldera egin zigun lehenbiziko bisita. Lan mundua euskalduntzea zuten helburu, hainbat enpresatan jada abian jarritako euskara sustatzeko plan eta helburuei begira, bidelagun izateko asmoz. Euren eskaintzak, ordea, bazituen bi ezaugarri: euskararen sustapena borondatezkoa izatetik kudeagarria zen gai bat izatera pasatuko zela aurreratu ziguten, eta lan mundua eraldatzera zetozela.

Bai Euskaltzaleen Topaguneak eta bai Emun-ek, eginez eta ekinez ari ginen lanari norabidea jarri zioten duela 25 urte. Sinergiak bateratuz eta berrikuntzaren ideia irauliz, hurrenez hurren.