Ukraniako gerra hasi zenean, orain dela zazpi hilabete, batzuk gerra berria zaharrekin konparatzen hasi ziren; badirudi konparaketa horietan Lehen Mundu Gerraizan zela irabazi zuena, nire beldurrerako. Lehen Mundu Gerran bederatzi milioi soldadu inguru hil ziren eta zazpi milioi zibil inguru, lau inperio desagertu ziren (hiru enperadorek erretiro aurreratua hartuta, bat fusilatu zuten), iraultza arrakastatsu bat egon zen Errusian, Europako mapa errotik aldatu zen, aldaketa politiko, demografiko eta sozialak izugarriak izan ziren. Frantzian oraindik, ehun urte igaro eta gero, badira ezertarako erabil ez daitezkeen lurraldeak, ez nekazaritzarako, ez bertan bizitzeko: La zone rouge. Hala ere, Lehen Mundu Gerrari buruzko liburuak (fikzioa zein oroitzapenak zein historia) irakurtzen ditudanean, gehien harritzen nauena da zein baikor hasi zen dena, zein pozik eta abertzale joaten ziren soldaduak gerrara 1914ko udan pentsatuz Eguberritarako etxean izango zirela. Hasierako beroaldi hori berehala pasatu zen, jakina. Orain dakiguna dakigula, galdera berehala dator: erotuta zeuden? Ez dakit zer pentsatuko duten etorkizuneko historiagileek gutaz: XXI. mendeko txoro haiek lasai al zeuden gainera etorriko zitzaien guztiarekin?

Lehen Mundu Gerra bitartean bakearen aldeko aldarrikapenak oso gaizki ikusita zeuden, orain bezala, eta herrialde batzuetan disidenteak errepresaliatu eta objektoreak (sozialistak nahiz erlijiosoak) espetxeratu zituzten (Erresuma Batuan ura eta ogia baino ez zieten ematen jateko kartzelan). Beharbada puntu horretan ikusten dut nik oraingo egoeraren eta Lehen Mundu Gerraren arteko antzekotasun handiena, bakearen aldeko aldarrikapen guztiek prestigio txikiena ere galdu dutela. Gerrako gure alde honetan (zeren gu ere alde batean baikaude, oso-oso atzegoardian, ados) bakearen aldeko adierazpenak egiteak Putinen lagun bilakatzen zaitu segituan. Beste aldean, etsaien aldean, gauzak ere ez dira errazak izango.

Hortik al dago diplomazia deitzen zen hori?