Euskara hizkuntza zokoratua da Nafarroan, gero eta gehiago, eta hala erakusten du tai gabe Nafarroako Gobernuak, bertako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko orduan. Herritar guztien eskubideak ez dira inondik inora bermatzen bertan indarrean dagoen merezimenduen balorazio-dekretuarengatik.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak irmoki adierazi dute euskararen eta euskaldunen kontrako politika bortitzetan hartutako erabakiei jarraipena ematen zaiela gaur egun ere, eta “Nafarroak ofizialtasuna behar duela lurralde osoan herritarren eskubideak bermatuko dituzten politikak garatu ahal izateko”.

Beti egon da gobernu horren aldetik euskara eta euskaldunak baztertzeko joera argia, eta berriz gelditu dira agerian bere axolagabekeria eta destaina. Duela hilabete batzuk euskararen aldeko sekulako manifestazioa izan zen Iruñeko kaleetan, eta bertako gobernuak entzungor segitzen du.

Euskararen erabilpenaz ere kexaka agertu dira batzuk, duela egun batzuk herri bateko jaietan pregoia euskaraz irakurri zelako. Ez zen gaztelaniazko bertsiorik. Gaur egun, oraindik, denok ulertzeko moduko hizkuntza bat aldarrikatzen da, hegemonikoa, eta ez gurea. Berdin kexatuko lirateke euskaraz txintik esaten ez bada?

Euskera flakatzen da egunetik egunera. Eta egunotan arrazoi gehiagorekin, euskaldun handi bat joan baitzaigu; Gregorio Larrañaga Mandiola, Mañukorta, hil baita. Xabier Amurizak haren biografia eta pasarteak bildu zituen Mañukorta bertsonajea liburuan. Bertan, lanaren zergatiaz honelakoak bota zituen: “... bere sentimenduak adierazteko duen estilo selektibo eta kalkulosoan, esango nuke poz sakona eman diola berari buruzko liburu bat geldituko dela jakiteak. (…) honen unibertso mentala, emozionala eta jardunezkoa hain zehatza eta koherentea da ezen beldu gabe konpara daiteke unibertso fisikoaren sistemagaz”.

Bertsonajeak esaten zuen: Ni txarto bizi banintze, kulpie neurie litzatekek? Baina Mañukorta mundu onenean bizi izan da, munduko lekurik onenean, euskaraz eta bertsoz inguraturik.