Ez du ematen C’s alderdia gertatzen ari zaionaz jabetzen denik. Rebranding da berba majikoa. Arrimadas andreak adierazi du helburua, gizarteak berriro sentitzea C’s baliagarria dela. Baina ura joan osteko presak ez du baliok.

Rebranding. Egoera sakonki aztertu eta irudi aldaketa lortu nahi da. Baina diagnostiko zehatzak ezinbestekoa du jakitea zerk ekarri duen egoera horretara. Ia hasieratik gauzak okertzen joan direnean behea jo arte, ariketa hori mingarria ere bada, porrota airtotzea beti baita zaila.

Alderdi politiko honen bizitza laburra bezain zalapartatsua izan da. Katalunian jaio zen alderdi katalanistek subirautzarako bidea hartzen zuten aitzakian. Garai hartan PSC eta ERC alderdiak ziren gobernukide Generalitatean. Gauzak horrela, ideologia desberdinen mix batek, Tarradellas presidentearen agurra (ciutatans de Catalunya, ja soc aquí) gogoan hartu omen zuen Ciutatans alderdia sortzeko (geroxeago, Ciudadanos).

Nork bere helburu politikoak finkatu ordez beste iritzi moldeen aurka egiteko jaiotzen denak beste horien eskutan jartzen du bere bizitza. Besteon eraldaketak edota egokitzapenak desbideratu egiten du, norazean utziz bere sorrerako zeregina. Eta puntu horretatik heriotzarako tartea ez da luzea izaten. Horixe gertatzen ari zaio C’s alderdiari. 2006ko hauteskundeetan estreinatu zen Katalunian. Askatasuna, berdintasuna, justizia eta elebitasuna aitortzen zituen balore unibertsal gisa baina bere jardunaren arda-tza “Kataluniako gizartea ito-larrian jartzen duen obsesio identitarioa gainditzea” adieraziaz azaldu zuen.

Bi urte beranduago, Espainako politikara jauzia egin eta Albert Rivera ikusi genuen zirujau jantzita ebakuntza egiten gaixo bati “errotik ateratzeko abertzaletasuna”. Hazkundea etorri zen –Katalunian irabazi; Kongresuan 57 diputatu– baina Rivera jaunak beti ukatu zuen bisagra izaeratik atera ezin eta PPren ustelkeriari aurre egiteko jaio zen harek, bertan bilatu zuen betiko estalpea. Eta galbidea.