Hitza ahaztuxe dugu aspaldion, baina halaxe deitzen genien pilotalekuan kabitzen ez ziren pilotariei, koltxoi guztien hautsak harrotzen zituztenei: pistoleroak. Pilotakada bat goiko lastairara, bestea txapapera, hurrena jendartera. Ezin errenditu. Tankera horretakoxe pilotaria litzateke Trump gure kirol eder honetako edozein espezialitatetan ari behar balu. Inork ez luke haren aurrelari izan nahiko, ezta kaskoa jantzita ere.
Bigarren aldiz munduaren aginte-makila hartu duen handiputzak arin aurkitu du Ekialde Hurbilerako irtenbidea: bi milioi palestinar lekualdatzea. Beraien lurretik bidaltzea, alegia. Eta ondoren Gaza berreraiki. Ez gazatarrekin, ez gazatarrentzat, haien lurra turismogune arrakastatsu bihurtzeko helburuz baizik. Aurrez AEBetan agiririk gabe zeudenak kanporatzen izan duen entrenamenduaren ondoren, galtza zuriak jantzi eta kantxara irteteko prest da New Yokeko ile-laranja. Zerk huts egin dezake bake-plan miresgarri horretan?
Ikustekoa zen Netanyahuren irri maltzurra Trumpek basakeria horiek esaten zituen bitartean. Israelgo lehen ministroa ez ezik, herrialde hartako eskuin-muturra ere orgasmo-punttuan utzi dute presidente amerikarraren iragarpenek. Espero izateko moduko erreakzioa, zalantzarik gabe. Paper zuri batean ametsik ederrenak idazteko eskatu izan baliete, Trumpen hitzak idatziko zituzketen. Beste erreakzio bat da benetan asaldagarria, Herri Juduaren Politika Institutuak jakinarazi duen inkestaren emaitza: Israelgo juduen %82 ados daude gazatarrak beste herrialde batzuetan “birkokatzearekin”, eta %3ri baino ez zaie immoral iruditzen.
Badugu munduari kezkaz begiratzeko aski arrazoi zein ero-kuadrilak agintzen duen ikusita, baina beldurra eragiten duena masak limurtzeko duten gaitasuna da. Eskubide-murriztaileenganako enpatia aisago hedatzen ari da zapalduenenganakoa baino. Eta pistoleroak irriz.