Ezagutzen ez dugunak beti sortzen du zerbait. Izan daiteke izua, ezinegona edo kezka, baina gauza positiboak ere eragin ditzake: misterioa, jakin-mina. Euskal Herriaren ezagutza arras mugatua dugu gehienok. Kultura orokorraz aparte, geure gune mugatuetatik haragoko jakintza oso eskasa izaten da gehienetan: geografia, euskalkiak... la denok uste izaten dugu geure huraxe dela erdigunea, epizentro ezinbestekoa.

Ferdinand Aire Xalbador jakintza mugatu horrek eraman zuen zazpi minutuko txistu-zaparrada entzun behar izatera. Ez zuen txapelik irabazi, ez zioten eman behintzat. Halere, bertsolaritzaren historiako unerik zirraragarrienetako baten protagonista bihurtu zuen pasarte tamalgarri hark. Ondoren, omenaldi egunean hil izanak argi-koroa are disdiratsuagoa jarri zion urepeldarraren figurari. Hainbat kantarik Xalbadorren hitzekin eginiko abestiek eta, batez ere, Xabier Letek Urepeleko artzainari eskainitako kantak, miresme-aire sarkor bat sortu dute haren izaeraren eta lanaren inguruan. 

Bat-bateko bertsolari gisa maila handia zuen. Bertso-paperetan, ostera, ordura arte egindako ororen oso gainetikako lanak utzi zituen. Ez da erraza Xalbador izenari eustea. Mixel semeak ez du aitaren sonarik eta distirarik izan, baina haren jarraikitzaile ezin duinagoa izan da. Izpirituz, nortasunez, jarreraz. Eta izaera indartsu hori hurrengo belaunaldiei transmititzeko dohaina izan du. Bizi bezalaxe abiatu da, zarata handirik atera gabe eta duintasun osoz, beste larre batzuetara. Mendi-hegaletan gora, oroitzapen den gerora.