Kultura-trukea eta igurtzia hutsaren hurrengoa zen gure umetako Iraurgi bailara hartan. Kanpotik etorriak Extremadurakoak ziren ia denak –El valle de La Serena haranekoak, zehazki–, ez gaztelarrak, baina guk “kastillanoak” deitzen genien. Igurtzia baino gehiago talka zen: izaera, kultura, hizkuntza, harreman-moduak... dena zen guk geure tribu itxi hartan ezagutu izan genuenaz oso bestelakoa. Hagitz deigarri gertatzen zitzaigun elkarri hain ozen hitz egitea, autobusean sartzen zirenean, esate baterako.

Alma Pöysti finlandiarrak esana da: “ez omen dago munduan leku isilagorik Finlandiako autobus bat baino.” Han ez bide da deseroso isiltasuna, luzaroan solas laurdenik esan gabe egoteko gai dira, solaskideari –barka, isilkideari– segundo bakoitzeko labana bihotzean sastakatzen diozula sentiarazi gabe. Finlandian ez bide dute elkarrizketa hutsalik izaten: a zer hotzaldia bat-batean; azkenean lehen puntua lortu diten Etxeberria-Martijak, bazitenan garaia!; Hollywood erabat kixkaltzen ari omen duk...

Kontraesanez beteriko ene barru nahasi honetan, bi busek ematen didate hozki pixka bat. Askotan, gehienetan, gero eta gehiagotan, zaratak eta jardun hutsalak gogaitu egiten naute. Bestetik, hoztasun jasangaitza sentiaraziko lidakeela iruditzen zait inork hitz-erdirik esaten ez duen buseko bidaiak. Ez dakit konprenituko nindukezun esango banizu hamar mila lagunen aurrean hitz egitea askoz errazagoa gertatzen zaidala igogailuan ezezagun batekin lau solairuko bidaiatzarra egitea baino.

Ikasle garaiko egunkari-saltzaile bat etorri zait burura, diosalarik ere ez zuen egiten morroiak. Pentsatzen ari naiz finlandiar geneak izango zituela agian. Edo mutua izango zela menturaz. Edo mutu finlandiarra. Mutu izateko leku hoberik!