AEBetako presidentearen larruan jartzeko ahalegina egin dut eta bigundu egin naiz. Aholkularirik onenekin eztabaida ustez ongi prestatu arren, munduaren aurrean aitona totel, zalantzati eta dardarti baten irudia eman bide du Bidenek. Aginpiderik handiena duen pertsonak ahul eta ezgai agertu dela irakurri eta entzun behar izan du biharamuneko hedabideetan, eta alderdikideen zalantzen eta izuaren berri izan. Ez liguke gupida txikiagoa eragin behar errepublikarren hautagaiak, haren burua ez dago presidentearena baino argiago, baina beti nekezago da harro eta doilor agertzen denarekin enpatizatzea. Konexio erabatekoa sentitzen dut Patagoniako ama-alaba batzuekin. Ama barnetegi batean euskara ikasten ziharduela ezagutu nuen aspaldixko, artean neska gazte zela. Aurpegia baino handiagoko begi hipnotikoak dituen alabatxo erogarri bat izan du orain pare bat urte: Lur. Euskara hutsean hitz egiten dio amak, Lur da Patagoniako lehen euskaldun zaharra. Tarteka beraien arteko solasak bidaltzen dizkit eta urtu egiten naiz. Hemeretzi urte daramatzat esku artean duzun egunkari honetan iganderoko zutabea idazten. Hasierako zutabegileetatik geratzen den bakarra naiz. Batzuk zenduak dira, besteek bestelako arrazoiengatik utzi zioten zeregin honi. Bakarren batek agortuxe zegoelako utzi zuela aitortu izan dit. Eta ni hemen. Ez zalantzarik gabe, zerbait argitaratu behar duenak, erabat utzia eta ezaxola ez bada behintzat, beti izaten ditu kezkak, are gehiago hain ibilbide luzeetan: “ezer ganorazkorik idazten ote dut?”. Irakurleon arnasak eta konexioak eraman izan nau urtez urte jarraitzera. Ez dakizue zenbat eskertzen dudan! Udazkenean itzuliko gara. Uda on, irakurle maite!