Ez hindudan ezagutu, Aitor, baina beti gogoan izan beharreko pertsona iruditzen hatzait. Justizia eta erreparazioa ez dituk ahanzturarekin ondo ezkontzen. Bidegabeki erauzi zaituzteten herrikideoi bizi garenon gogoan atxikitzea zor dizuegu. Ez diat ahanzten zuen aita ere, nola etortzen zen guk proposatutako elkarrizketetara, nola babesten zuen hire memoria, zer nolako duintasunez defendatzen zuen hire izen ona.

Labankada batez hil hintuen putakume batek. Hemen ohitura handia izan diagu “zerbait egingo zuen” esateko, baina ez, ez huen ezer egin, Realeko kamiseta jantzi eta hire bihotzeko taldea animatzera Madrilera joan besterik. Herraz eta amorruz betetako gizatxar bati aski motibo iruditu zitzaioan hiri labankada bat emateko. Haren taldeak, Madrilgo Atleticoren jarraitzaile ultren Bastion piztia-taldeak, ez dik egundo barkamenik eskatu. Urte luzez hire oroimena iraindu ditek, gainera, hitaz trufatu dituk Realak han jokatu duen bakoitzean. Modukoa modukoarekin biltzen denez, Betis taldearen ultrekin batera ere etorri izan dituk Anoetara. Realak haiei sartzen ez uztea erabaki dik. Kontsumitzaileen elkarte batek salatu egin dik Reala, jatorriagatik eta bizilekuagatik baztertu omen dituztela eta. Bizilekuagatik ez, jatorriagatik baztertu ditiztek. Gorrotoa baitute jatorri, eta guk ez diagu magalik sehaska horretan kulunkatutakoentzat.

Reala ur gaineko bitsetan zebilek, Aitor. Europako hamasei onenen artean sartu duk, egungo txapeldunordeari ere gaina hartuta. Baina gaur 25 urte atzera egingo dik, hainbesteko aparrik gabe zebilenean beti arnasa ematen zion jarraitzaile baten oroimenez.

Ez hindudan ezagutu, Aitor, gehienontzat ezezaguna hintzen, baina gaur berriro odola txuri-urdinduko zaiguk. Esker onez, hire omenez, hire oroimenez.