Pilotari baten profesionaletako lehen partida mugarri garrantzitsua izaten da. Baditut oroimenean itsatsirik geratutako zenbait debut. Patxi Eugirena bat, 1991ko uztailaren 5ean. Izan ere, egun hartan abiatu zituen ETBk ostiral arratsetako emankizunak. Oinatz Bengoetxearena ere ez zait ahantziko, gure seme nagusia jaio zen egunean jokatu baitzuen lehen partida. 20 urte eta hamaika egun igaro dira.

25

Emotivo adiós a Oinatz Bengoetxea en Leitza Patxi Cascante

Pilotari polita zen leitzarra mutikotan, abila eta gustagarria. Zaildu gabe zegoen artean, eta hasieran pilota arintxeagoak jarri behar izaten zizkioten. Gerora bilakaera aipagarria izan zuen, gorputzez –ez dago lepondora begiratu besterik– zein jokoz. Burdina baino gogorragoko pilotaria izan da, langilea eta sufritzailea. Bestalde, sen handikoa izanik ere, pilotalekuan ordu asko sartu beharra dago aireko jokoa hain ongi maneiatzera heltzeko.

Aurkarien mailaren araberakoa izaten da lorpenen meritua. Oinatzek ahal handiagoko izar apartak izan ditu aurkari, Irujo eta Aimar bereziki, baina baita Altuna, Ezkurdia, Xala, Titin, Barriola, Urrutikoetxea eta beste hainbat pilotari bikain ere. Klaseaz gain, borrokarako gaitasun harrigarria izan du. Eta karisma, inon ikasten eta erosten ez den dohain sorgin hori. Eraman onekoa dela erakutsi du, heldua eta begirunetsua, enpresak udako lehiaketetatik baztertuta eduki izan duenean edo profesionaletan 20 urte betetzen uzteko eskaerari uko egin zionean. Baikoren ukoak azkena ederragotzeko aukera eman dio. Pilotarien artean oso maitatua eta errespetatua izan da, kazetarien artean estimatua eta zale askoren kuttuna. Atzo Leitzako plazan egin zioten agurra inoiz pilotari bati egin zaion zinezkoenetakoa da. Arrasto ederra, oinatz sakonak utzita doa Bengoetxea. Bide berri on, gazte! l