Kondena bat dirudi, zigor bat. Duela bost urte eta egun bat milaka herritar erreferendumean parte hartzera joan ziren Katalunian. Bistakoa da, bistakoa zen orduan ere, zola behar bezala ongarritu eta landu gabe joan zirela. Ez aitzurrik, ez golderik, ez laiarik. Simaur kiratsa bada, baina ez ongarritarako erabilitakoarena, elkarri aurpegira botatakoarena baizik. Erronkak irabazteko dira, ez laineza hartzeko. Handik ez zen, ezin zitekeen ezer onik atera.

Herriari hitza ematea errotikako demokrazia-ariketa da. Aitzinerako biderik irekitzen ez duenean, espantu soila. Demokrata eta independentista gisa ezinezko zitzaigun galdeketa haren espirituarekin bat ez egitea, estatuaren oldarraren aurka ez agertzea. Estrategia gisa, porrota, desengainua eta etsipena beste ondoriorik ez du izan.

Bost urteren buruan, bi alderdi abertzaleren gobernua dugu Katalunian, ERC eta JxC. Ez dakit zer madarikaziok pozoitzen dituen batasunaren aldarria izenean daramaten alderdirik gehienak: Junts, Elkarrekin Podemos, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua...

Junts eta Ezkerra juntatu zirenean, erantzukizun funtsezko bat hartu zuten: abertzaleen arteko elkar-ulertzea posible zela erakustea; independentziarako urratsak aurreko aldian baino hobeki antolatu eta olatu horren baitan bustitzeko prest daudenak ilusioz zipriztintzea. Ez dute lortu. Botere-gatazka lotsagarrian tematu dira, ez dute elkarrenganako begirunerik eta eraman onik erakutsi, ez dute konponezinak inteligentziaz kudeatzeko gaitasun izpirik izan.

Erabateko porrota izan da, eta, beren herriari ez ezik, helburu beraren baitan ardazturik diharduten herri periferikoei kalte besterik ez diete egin. Lokazti horretan galera handiak izan ditugu, baina bada lehen adinako indarra duen zerbait: aldarri horren zilegitasuna.