Bestondoa dugu oraindik, ajea, biharamuna. Izan ere, egun historikoa izan zen ostegunekoa herritarren erabaki-tzeko eskubidean sinesten dugunontzat. Tiro bakar bat jaurti gabe, patxada eta heldutasun osoz, Eskoziak AYE esan zuen, YES, BAI. BAI esan zion EZ esan ahal izateko eskubideari. Eta azkenean Erresuma Batuaren barnean jarraitzearen alde daudenen jarrera nagusitu zen. Emaitzen balorazioa egiterakoan, David Cameronek muturreko itzela eman zion Espainiako presidenteari: "Unionista naiz eta pozik nago eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitzea erabaki dutelako, baina oroz gainetik demokrata naiz eta herritarrei hitza ematea zegokidan". Alegia, Raxoiri antidemokratiko deitu zion, baita erabakitzeko eskubidea ukatzen diguten gainerako guztiei ere, bidenabar. Hemengo unionistek poza adierazi zuten eskoziarren erabakiagatik, baina prozesu honek hango gizartea zatitu baino ez omen du egin. Jakina, hori diotenak eurek nahi duten estatus politiko eta administratibotik mintzo dira, boterearenetik. Bost axola haiei inondik inora espainiar sentitzen ez garenon frustrazio eta ezinegona. Ondorengo egunetan serie segida bitxia izan dugu. Eskoziako erreferendumaren biharamunean, Espainiako Polizia Nazionalaren zuzendari nagusi den Ignacio Cosidó jaunaren bisitak ohoratu gintuen: "Polizia Nazionala ez da bazterreko indarra Euskal Herrian". Ez, jakina, ezta Goardia Zibila ere, are gutxiago armada. Margallo ministroak iradoki bezala, Espainiak erabili beharreko baliabide guztiak erabiliko ditu independentisten nora eza gelditzeko. Bakoitzak uler dezala ulertu nahi duen moduan. Eskerrik asko gu babesteagatik, ministro txilibistro. Atzo, Zarautzen, euskal ikurren aldeko ekitaldi instituzionala egin zuen Udalak. Udaletxean eskegita dagoen piperpotoa ere "gure ikur" sentituko du zenbaitek. Bejondeiola, ez dut deus horren kontra, baina nahikoa berantzen ari da gure erabakiaren auzia, eta horri galgarik jartzen dion agintariari herritarrak gainetik pasatuko zaizkio.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
