Tribuna abierta

Joe Biden

27.01.2021 | 01:03
Joe Biden

Lanean eta erresilientzian gogor aritzeko hezita, beti saiatu zen hitz egiteko zuen totel oztopoa gainditzen, eta horrela olerki zati luze osoak buruz ikasten zituen ispilu baten aurrean ondoren hitzez hitz errepikatuz

Joseph Robinette Joe Biden Scrantonen (Pensilvania) jaio zen 1942 urtean. Lau anai arreben artean zaharrena izan zen, sendi katoliko eta jatorriz irlandar umilean munduratu zen. Bere aita Joseph Biden autoak salduz irabazi zuen bere bizitza, ama Catherinek etxekoandre gisa etxeko lanetan eta lau seme-alabak zaintzen zituen bitartean. Joe Bidenek 13 urte zituenean etxez aldatu ziren, Claymontera hain zuzen. Han zegoen Saint Helen ikastetxean egin zituen bere ikasketak, baina ez zuen inoiz inolako atxikimendurik garai haiekiko, sasoi deserosoak, totela zen eta gelakide bihurriak eta lagunak burla eta iseka egiten zioten eta. Bere aitak esan ohi ziona sarritan gogora ekartzen du bere autobiografian "txapelduna, gizon baten neurria ez datza zenbatetan lurrera jaurti-tzen duten, baizik eta zutitzean duen prestutasun eta arintasunean baizik". Lanean eta erresilientzian gogor aritzeko hezita, beti saiatu zen hitz egiteko zuen totel oztopoa gainditzen, eta horrela olerki zati luze osoak buruz ikasten zituen ispilu baten aurrean ondoren hitzez hitz errepikatuz. Bere ikasketak eta prestakuntzak Archmere akademi katoliko garesti eta ospetsuan temati saiatu zen burutzen. Akademia bertako kristalak garbitzen eta lorategia zaintzen eta txukuntzen irabazten zuen diruaz laguntzen zituen bere gurasoak eta bide batez bere matrikula ordaindu. Ikasle aurreratua, kirolari ona eta prestua bilakatu zen berehala. Delawareko Unibertsitatean matrikulatu zen Historia eta Zientzi Politikoak ikasi ahal izateko. Joe Biden ikasle onaren jarrerak aldatuz joan ziren Unibertsitatera iristean eta horrela, lehenengo bi urtetan jaiak, parrandak, festak eta futbola zituen gogokoen.

Garai haietan John F. Kennedy iritsi zen EEBBetako presidente izatera eta Joe Bidenengan zirrara piztu zitzaion presidentearen izaera eta jarrerak, politikaren arra barruraino barneratu zitzaion, zaletu egin politikaz. Unibertsitatean ikasten ari zela hirugarren urtean eta bidai bat medio Neilia Hunter Syracuse Unibertsitateko ikaslea ezagutu zuen, supituki maitemindu eta hurrengo urtean, 1966ean, ezkondu egin ziren. Joe Bidenek Delawareko Unibertsitatean bere ikasketak amaitu bezain laster Syracuseko Zuzenbide Eskolan matrikulatu zen non bere bihotzeko maiteñoa ikasten ari zen leku berean hain zuzen. Bi urte ondoren abokatu bezala aritu zen lanean Delawareko Wilmington izena zuen bulego batean. Alderdi Demokrataren magalean politikan lehen urratsak eman nahi izan zituen eta horrela New Castleko Kondaduko Kontseiluko kide izatera iritsi zen. Seme alabak munduratzen hasi zitzaizkion: Joseph Biden III, Beau, 1969. urtean jaio zen, ondoren Robert, Hunter 1970ean eta Naomi 1971ean. Joek bere abokatu bulego propioa ireki zuen eta 1972ean senatore izendatu zuten 29 urte zituelarik, urtebete itxaron behar izan zuen bere karguaz jabetzeko, zeren 30 zen senatore izan ahal izateko gutxiengo adina. Horrela aritu zen hauteskundez hauteskunde behin eta berriro. Azkenik Barack Obamak presidenteorde izendatu zuen, "inoiz ez nuen pentsatu hain zoriontsu izango naizenik hain arin".

Baina egun batetik bestera tragedia latz eta mingarri batek dena lausotu zuen, guztia goibeldu zitzaion Joeri. 1972eko gabon gauean, senatore izendatu bezain laster trafiko istripu batean sasoi horietako pinua erostera zihoazela hain zuzen, emaztea eta 13 hilabeteko alabatxoa hil ziren, bere beste bi semeak nahiz eta oso larri suertatu bizirik irten ziren. Kolpe latz honek ia ia bere buruaz beste egitera eraman zuten Joe Biden "ez zeuden, egon ere, ez errezorik, ez sermoirik ni zertxobait lasaitzeko balio zutenik. Itxaropena galduta, birrinduta amore emateko zorian egon nintzen. Nire buruaz beste egitera ez zen soilik aukera bat, aukera arrazional bat baizik. Jaungoikoarekin haserretu nintzen, baztertu banindu bezala sentitzen nintzen eta".

Baina ez zuen aukerarik, aurrera jarraitu behar, bi ume zituen koskortu eta hezitu beharrak. Senatore bezala bere semeak osatzen ari ziren erietxean bertan sinatu zuen bere kargua. Amets eta oroitzapen latzak baztertu eta ahaztu nahian kotxea utzi eta trenez joaten zen egunoro Delawaren zuen etxetik Washingtonen zegoen senatura.

1977.urtean Joe Biden berriro ezkondu egin zen Jill Tracy Jacobs hezkuntzan doktore eta unibertsitateko irakaslearekin. Laster Ashley izena izango zuen alaba izan zuen 1981 urtean. Jatorri umila izandako eta egoera latzetan hezituko senatore honek errespetua eta begirunea islatzen zuen bere inguru zabalean. Atzerriko politikan jakituna zen eta horrela Sudaneko Darfurren gertatutako genozidioa eta George Bushen jarrera oldarkorra Iraken oso gogor salatu zituen. 1988. urtean buruan aneurisma bat aurkitu zioten eta osasun egoera oso larritan egon zen juxtu presidentzialetako nominazioa lortzeko hautagai izatekotan izan zenean hain zuzen. Hamar urte ondoren, 2008. urtean beraz, berriro nominatua izan zen baina oraingoan pisu politiko oso handiko bi pertsona zituen aurrean: Barack Obama eta Hillary Clinton, eta atzera jotzea erabaki zuen. Barack Obamak irabazi zuen nominazioa, presidente izatea lortu zuen eta Joe Biden sartu zuen bere taldean eta bere gobernuan, eta horrela presidenteorde bilakatu zen. Hizlari bikaina, pertsona irekia, Obamaren aholkulari eta kolaboratzaile eragingarri eta estuena izatera iritsi zen bereziki atzerriko politikan. 2012. urtean berriro Etxe Zuria irabazi zuten. Barack Obamak jakin bazekien hurrengo hauteskundeetara ezin zuela berriro bere burua aurkeztu eta Joe Biden tentatua egon zen ibilbide horri ekiteko. Baina beste tragedia batek kolpatu zuen gogor, berriro bere seme zaharrena, Delawareko fiskala eta abokatua, buruko minbizi batengatik hil egin zen. Horrela zioen Joe Bidenek: "Edonork ezagutu dezakeen pertsonarik zintzo eta onena". Lur jota eta erabat abailduta legealdi amaitu arte jarraitu zuen 2017an Donald Trumpek hurrengo hauteskundeak irabazi arte hain zuzen. Barack Obamak Askatasunaren medaila presidentzialaz kondekoratu zuen, "Amerikar historian lehoi bat, EEBBek inoiz izan duten presidenteorde hoberena" esanez.

Joe Biden 77 urte eta bost biloba dituen politikariak aurreko urteko azaroak 3an izandako hauteskundeak irabazi zituen, irabazi zizkion Donald Trumpi. Urtarrilaren 20ean EEBBetako presidente izendatua izan da ofizialki, atzean geratuko dira zoritxarreko Donald Trump pertsonaia makur, tranpati eta nardagarriaren jarrera itxurabako eta itsusiak, hitz desegoki eta gezurrak, atzean bere trikimailu atorranteak hauteskundeen emaitzak ez onartzeko helburuaz, atzean geratuko dira bere politika eta erabaki tamalgarri eta etsigarriak. Atzean arduragabekeri eta keinu malapartatuak. Atzean bai, ahal den neurrian behintzat, baina ahaztugabekoa eta ahaztuezinekoa, orain dela egun gutxi, urtarrilaren Errege egunean, 6an bertan, arratsaldean, Donald Trump beraren gidaritzape arduragabekeri ulertzezinean hain zuzen, estatu kolpe gisa antolatu eta gertaturiko gertakari anker, okagarri, lotsagarri eta kolpista nardagarria EEBBetako Kapitolioan. EEBB izandako presidente kalamitosoena Historiak epaituko al du gogor eta kupidagabe? Dena dela badugu bai aztertu eta ikertu beharra, hots, nolatan ulertu daiteke bada 70 miloi boto lortu ditzakeen horrelako politiko ero eta eskrupulurik gabeko batek. Zer gertatzen da, zer gertatzen ari zaigu gure gizarteetan horrelakorik errealitate izateko?

Joe Bidenek eduki badauka ,izan ere, aparteko lan eskerga benetan eta guztiz itzela eskuartean, EEBB zatitua berriro batzeko eta elkarganatzeko ahaleginak ez dira, ez, txantxetakoak izango. Joe Bidenek ilusioa berreskuratua izan dadin badu, izan ere, nahiko lan, handia. Baditu Joe Bidenek eta bere gobernuak nahiko lan bai etxe barruan eta kanpoan ere alor, esparru eta gai askotan, ekonomia, inbertsioak, langabezia, pandemiaren drama eta osasuna, MOEra bueltatu, Parisko aldaketa klimatikako forora itzuli, nazioarteko eta kanpo politika, multilateralitatea, arrazakeri lotsagarria, immigrazioaren auzi guztiz latza, diplomazia, Europa, Txina, Iran, Siria, Israel eta Palestinoak eta bereziki Donald Trumpek ahuldu, zipriztindu eta deslegitimizatu dituen EEBBetako justizia eta instituzioei beraien legitimizazioa, harrotasuna eta zintzotasuna beraienganatu ahalik eta lasterren berriro. Zorte on inoiz ez bezala 80 milioi baino bozka gehiago eskuratu dituen Joe Bideni, eta bere presidenteorde den Kamala Harrisi, eta John Kerry, Antony Blinken, Alejandro Mayorkas, Avril Haines, Linda Thomas, Greenfield, Jennifer Psaki eta bere taldea osatuko duten pertsona guztiguztiei. Zorte on Joe Biden jaunari eta bere ekipo osoari, zeren beraien zorte ona guztion onurarako izango baita. Eta "sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik" lor dezazu(e)la itxaropenari leiho batzuk irekitzea. Beharrezkoa baita, baitzaigu guztioi, baitzaio mundu osoari. Demokrazia bera dugu, dago, jokoan eta. Hala bedi bada.