asa den astelehen goizean auzoko kutxazainera joan nintzen dirua ateratzera (sukurtsala aspaldian itxi zuten) eta ilaran nengoela konturatu nintzen zerbait gertatzen zitzaiola kutxazainarekin borrokan ari zen bikote adinekoari, emakumeak erosketa gurditxoa eskuan, gizonak makila. Ilarakoek azaldu zidaten makinak aurrezki-libreta irentsi berri ziola bikoteari. Galduta ikusi nuen, babesgabe, zer egin jakin barik. Ilarako guztiak saiatu ziren makinarekin. Alferrik. Une horretan bertan kutxazainak diruz betetzen dituzten segurtasun konpainiakoak ailegatu ziren eta, mesedez, mesedez, arazoa konpontzeko eskatu genien ilaran geundenok, ea libreta atera ahal zuten. Bitartean, emakumeak zerbait egin nahi izan zuen sakelakoan baina blokeatu zitzaion. Ilarako norbait desblokeatzen saiatu zen. Segurtasun konpainiakoak errukitu ziren eta, ordu erdi luze zain egon ondoren, libreta madarikatua agertu zen; gizonaren nortasun agiria konprobatu eta libreta itzuli zioten.

Ordu erdi luze horretan ilarako jende gutxik alde egin zuen. Pentsatu nahi dut bankuek adineko jendea hobeto hartzeko abian dagoen mugimenduak nolabaiteko eragina izan duela edo, ikusirik bankuek zer gaizki tratatzen dituzten adinekoak (eta herri txikiak, adibidez) eta ez dutela aldatzeko asmo handirik, jendea (baita segurtasun konpainiako morroskoak ere) konturatu dela borondate ona eta elkartasuna direla eskura ditugun baliabide bakarrak.

Ez dira bankuak bakarrik, nahitaezko digitalizazioaren aitzakiarekin, adinekoak gaizki tratatzen dituztenak; erakunde publikoek uste dute guztiek dituztela laguntzeko prest dauden seme-alabak edo ilobak gero eta gogaikarriagoa den burokrazia digitalari aurre egiteko. Bestela, beti dago kudeatzaile pribaturen bat kontratatzeko aukera, ezta? Ez da harri-tzekoa horrelako bulegoen ugaltzea, negozio arrakastatsu bilakatzen ari da.

Zer egin? Ez dago gauza handirik asmatu beharrik. Protesta eta elkartasun sareak, esan bezala, dira gure baliabideak: pentsiodunen mugimendu berria eta betiko sindikalismo zaharra.