rte bukaerari begira gaude. Nola ospatu ahal izango dugun jakin nahi dugu: iaz bezala, etxean sartuta, edo kalera ateratzetik izango ote dugun.

Beldurra ez da dantza-lagun ona. Ezta erabakiren bat hartu beharra ere, gure esku zegoena egin dugula sentitzeko edo sentiarazteko. Eskuak garbitzeko.

Zorionez, gehiengoa gara behin ere kutsatu ez garenok. Etxeko-lanak eta aginduak ondo bete ditugunok. Txertatu garenok. Eta, haatik, hartu diren eta etorkizunean ere hartu bide diren neurri murriztaileen kaltetu zuzenak garenok.

Badago esaera bat, "café para todos" delakoa, zeinaren aldekoa sekula ez naizen izan. Kaltetuak, beti ere, denentzako eskaintzen den kafe merkea merezi ez zuten haiek baitira. Lanean jarraitzen dutenak, arauak betetzen dituztenak, ahotsik goratzen ez dutenak, norbanako interesen gainetik taldearenak lehenesten dituztenak... Baina agintzen duenak, neurriren bat hartu behar eta "guztientzako berdinzalea" den neurria hartzean datza denei kafe bera ematea. Erabaki horrek, arauak betetzen dituztenak, lana ondo egiten dutenak eta arazorik ematen ez duten horiek kaltetzea baizik ez dakarrenean.

Ez dut kaferik oparitu diezadaten nahi. Ez dut kafe merkerik nahi. Beste zerbait merezi baitut. Ez dakit zer. Baina ez, bederen, arauak bete ez dituztenek ere jasoko duten kafe merkea. Horrek, gutxitu egiten bainau, baliogabetu. Nire ahalegin guztiek ez dutela ezertarako balio izan adierazten.

Ez naiz La Polla Recordsen kontzertuan izan, ezta Athletic eta Real Madrilen partida egunean Pozas kalean ere, eta ezta beste hainbat eta hainbat lekutan, zeintzuetan ez diren neurriak bete, zeintzuetan inork ez duen bestearengan pentsatu, zeintzuetan inork ez gaituen babestu.... Ostera, urte zaharra lagunekin ospatu nahi dut. Lagun guztiok gaude txertatuta. Eta oh sorpresa, inor ere ez gara kutsatu hilabete luuuuuze hauetan guztietan. Zer besterik eskatu behar digute, bada?

Neurriak bete ez dituztenei edo betearazten ez dakigunei emango zaien kafe bera ez dut nik niretzako onartuko.