ztailean Basque District of Culture and Creativity haren kontura zutabea idatzi nuen, barrez eta haserre, gurean erakundetxoei ingelesezko izenak jartzearen ohitura kosmopaleto eta obsesiboaz. Uztailetik hona izena ingelesez duten erakundeen zerrenda handitu da, gaur egun laurogei baino gehiago daude Basque Naming Obsession Spreadsheet delakoan. Sare asozialetan barreak eta isekak orokorrak dira, zerrenda aztertzean barre-algaren eta lotsaren artean mugitzen baita irakurlea, baina EAEko agintariak temati bezain entzungorrak dira, antza: ingeleszalekeriak ez du bukaerarik.

Aurreko egun batean irratitik iritsi zitzaidan horrelako izen berri bat, entzunik ez nuena: Nagusi Intelligence Center. Hasieran, nire en-tzumenaz mesfidati, ez nuen sinetsi nahi belarrietatik iristen zitzaidana, eta kontua nahita ahaztea erabaki nuen. Geroago, telebistan eta Interneten Bizkaiko foru agintariak ikusi eta entzun nituen hitz horiek, Nagusi Intelligence Center, lotsarik gabe ahoskatzen. Lagun batek, nire txantxa bat zela pentsatuta, sakelakoan egiaztatu zuen oraindik ez dudala burua galduta, eta badagoela, benetan, Nagusi Intelligence Center bat.

Nire aldetik bi xehetasun. Bat, euskarazko hitz bat sartu dutela erakunde berriaren izenean eta ez dagoela Basque inondik. Ez dakit aldaketa horiek aldaketa sakonago baten sintomak diren. Hurrengo izenen zain nago. Bi, teoria konspiranoiko bat garatu dut, ez naiz ni izango konspiranoiarik gabe munduan dabilen izaki bakarra. Uste dut (uste dut, ez), badakit nonbait, Gasteizko industrialde batean edo Bilboko dorre horietako batean (izan zitekeen ere Soraluze edo Bermeo), sekretuan lan egiten duen talde oso bat dagoela zeregin bakarrarekin: erakunde, gune eta elkarte guztiei ingelesezko izenak ematea; eta helburu bakarrarekin: EAE osoa irrigarri utzi guztion aurrean, agintariak (barregarria da politikari bat entzutea Nagusi Intelligence Center eta sinergia esaldi berean erabiltzen), baina ez bakarrik agintariak, guzti-guztiok baizik. Basque Adarjotze Center.