aria (ez da benetazko izena) mexikokoa da eta Donostiara etorri zen bizitzera, hemen lan egitera. 19 urterekin bi urteko seme bat du. Zaintzan egiten du lan, asteburu osoz. Bitartean, amak zaintzen dio semea. Astean zehar eskolara joaten da, batxilergoa ateratzea baitu helburu, eta amak lan egiten duen bitartean, semea eta neba zaintzen ditu. Bi urtekoak biak. Ama eta biak batera geratu ziren haurdun eta biak erditu ziren bi hilabeteko diferentziaz. Ez du sekula esan aita bera ote dutenentz bi mutikoek. Kontua da, haurdun zeudela erabaki zutela amak eta alabak, Mexikotik ateratzea.

Mariak ez dio sekula Mexiko utzi zutenik edo ihes egin zutenik, are gutxiago tratu txarrak jasaten zituztenik edo bortxatuak izan zirenik. Mariak bere semearentzako bizi hobe bat nahi duela dio bakarrik, indarkeriarik gabeko bizitza bat. Amak, ordea, alabarentzako bortxarik gabeko bizitza bat nahi zuela esaten du, menpekotasunik gabea, errespetuzkoa, bizitza duin bat, non eta bere bizitza aurrera eramateko aukera izango duen, eta bere erabakiak hartu ahal izango dituen.

Eta hori guztia, bere amari esker egin ahal izan dutela dio, Mariaren amonari esker. Hark babestu baitzituen Mexiko utz zezaten. Ez dute aipatzen desagertuen zerrendan ager-tzen direnik; egia esan, ez dute horretaz hitz egin nahi izaten.

Isiltasunak, ordea, egoera biderkatzea dakar. Dagoena onartzea. Ez salatzeak menpekotasuna hobesten baitu. Gorde, tapatu, iraunarazi. Iraunbizi beharrak borreroaren igitaia zorrozten jarraitzea dakar, emakumeen bizkar, lepo, sabel, bajina eta ametsak urra-tzen eta bortxatzen jarraitzeko baimena ematea. Mariak eskerrak damaizkio Jainkoari (sinestuna baita), bere semea mutila delako eta ez neska. Ustez, ez duelako gehiago desagertu beharko, edota ihes egiten lagundu beharko. Mariaren amonak eta amak, ostera, ez ziren zorte bereko izan, alabak erditu bai-tzituzten. Eta alabak erditzearekin batera, bizi diren hormen barruan (etxe barruan, lantokietan, eskoletan....), torturarik basatiena iraunarazten.