akultatean, Kazetaritza ikasten ari ginela, komunikabideen egitekoak, nagusiki, hiru zirela irakatsi ziguten: informatzea, heztea eta entretenitzea. Hiru helburu hauen pisua medioaren arabera aldatzen zelarik. Eta "audientzien indizea" delako programazioaren arrakasta edota ikus-entzulearen jarraipen maila neurtzeko sistema gisa ikasi genuen. Teoriak, bere hutsean, naif xamarra ematen du baina halaxe ikasi genuen.

Orain, pandemia eskuratzear gauden honetan, galderak datoz. Izurritearen garaian komunikabideek izan duten papera zein izan ote den. Nahikoa izan ote den. Kazetaritzaren oinarrizko helburuekin bat egin ote duen...

Eta zutabe txiki batean gai potolo honi eran-tzutea ezinezkoa den arren, gizarteak, medioen ikus-entzuleak, nagusiki, bi gabezia nozitu ditu: batetik, ezagutza falta (gertatzen ari zenaren gaineko informazioa eta adituen erreferentzialtasun gabezia) eta, bestetik, albistegintza lauaren gailentasuna (datu asko, iturri gutxitatik eratorria eta medio guztiak, berdintsua eskainirik, merkatuaren kuota partea irabazi aldeko borrokan).

Pertsonen gertaerak eta esperientziak hormatzar baten atzetik bezala jarraitu ditugu, urrutitik, afera gurekin ez balihoa bezala. Medioek ez dute ikus-entzulegoa hezteko funtzioa behar bezala bete, eta kazetagintzan aritu diren profesionalek ez dituzte gure barrenak mugitu, ez dituzte gure kontzien-tziak harrotu.

Fakultatean ikasi genuen baita, ikus-en-tzuleari elementu guztiak eman behar zaizkiola lehenik eta behin gertakizuna (albistea) uler dezan; bigarrenik, bere emaitza propioak ondoriozta ditzan eta, hirugarrenik, ibilbide horretan, ikas dezan eta hezi dadin. Herritar kontzientziatuagoak, askeagoak eta kritikoagoak izan gaitezen. Horretarako, ordea, kazetaritzaren oinarrizko generoen lanketa sakonagoa faltan izan dugu: askotariko galderei erantzuteko ikerketa kazetaritza, bizipen errealak gerturatuko dizkiguten elkarrizketa kitzikagarriak eta hormatzarraren bestaldera jauzi eginez lortzen diren erreportaje konprometituak.