azen disko bat etxean, guardia zibilak etxera egindako bisita batean haren atzaparretatik aska-tzeko balkoitik behera bota behar izan zutena gurasoek, Gogor deitzen zena. Eta bazen disko hartan kantu bat, nire memoria erratuta ez badabil, Gezurra izenburua zuena. Oso gogorra egiten zitzaidan kantu haren letra. Salaketa bat baitzen. Gezurra zer zen zioena. Eta gezurretan zihardutenek nola jokatzen ari ziren azaleratzen zuena. Ispilu bat zen. Alde eta kontra zeundekeenena. Egiaren jabe zirenak eta gezurra salatzen zutenak batetik eta, bestetik, egia ezkutatuz gezurra elikatzen zutenak. Eta tokadiskoa jartzean, zuk gezurra salatzen zutenekin bat egingo zenuen. Egia bat bakarra zela esatera ausartuko baikinen eta gezurra salatzeak batu egiten gintuela.

Orain, ordea, ez da horrelakorik sentitzen. Gezurrak era askotakoak izan baitaitezke, egiak bezala. Eta ustezko gezurren salaketak ez baitira ustezko egiak bilatzeko, indarrak neurtzeko eta bestearen izena lohi-tzeko baizik. Ez da ispiluaren aurrean jarri eta ona eta txarraren marra non dagoen erakusteko. Ez da lezio etiko bat emateko. Baizik eta domina txikia paparreratzeko (txikia izan arren ere, domina beti domina baita).

Praktika horrek egia bat baino gehiago daudela erakutsi nahi digula ikusten dugu eta, baita, jardun horretan gezurra salatzeak ez gaituela batzen. Baizik eta areago banatzen.

Kantu hartan, tenor ahots batek urratzen zuen isiltasuna "gezuuuuurra!" oihuarekin abestiari hasiera emanez. Eta, ondoren, koroak erantzuten zion, oihartzun gisa, "hori gezurra da" xuxurlatuz. Tenor hark jarraitzaileak zituen, ahots nagusiak zioena indartzen eta defendatzen zuena.

Orain, ostera, ahotsak daude. Ez dira tenorrak. Era guztietakoak baizik. Eta koroak ere ez dira abesbatzak. Bat egiten ez duten kardantxiloak, ubarroiak eta beleak baizik.

Kantatzen zekien herri hari Got Talentera beren burua erakustera doazen sasi-kantariak gailendu zaizkio, zeintzuei talentua dutela edo egiaren jabe direla adierazi nahi izatetik urrun, herri sakabanatuaren iritzia manipulatzea interesatzen zaien.