spainiako Kongresuak eutanasia arautzeko legea onartu berri du eta, eskubideei dagokien guztietan gertatzen den bezala, oraingoan ere eskuineko alderdi gehienek aurkako botoa eman dute. Orain dela urte asko antzerakoa ikusi genuen dibortzioaren legearekin. Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, guztiz bitxia irudi-tzen zaigu noizbait norbaitek dibortzioaren aurkako jarrera izatea, baina hala izan zen: eskuinekoek azaldu ziguten dibortzioak amildegira eramango gintuela eta gizartearen balio moralak desagertuko zirela betiko. Abortuaren legeekin berdintsu, edo are gogorrago, gertatu zen. Sexu berekoen arteko ezkontzak direla eta, zalapartak errepikatu ziren. Argi zegoen eutanasiarekin betikoa agertuko zela.

Kasu horietan guztietan legeek ez dute inor ezer egitera behartzen: dibortzioaren legeak ez du derrigorrezko dibortzioa ezar-tzen; abortuarenak ez du abortua nahitaezkoa egiten; jendeak ez du zertan ezkondu, ez badu nahi; eutanasia ere ez da bete beharrekoa izango. Ahoan beti askatasuna erabiltzen dutenek ez dute askatasuna, benetan gauzatzen denean, atsegin. Sakonean, ahoan askatasuna erabiltzen dutenek pentsamolde zehatz bat eta bizimodu mota bat jarri nahi dute guztiontzat, moral bat, alegia, moral horren bitartez haien nagusitasuna finkatu eta indartzen baitute. Ezaguna da morala pobreentzat dela batik bat.

Aberatsek, gizon aberatsek bereziki, beti aurkitu dute bidea nahi dutena egiteko. Aberatsek badute Erromako elizak garesti saltzen dituen ezkontzen deuseztatzeak erosteko dirua. Aberatsek badute dirua abortua egin nahi zuena beste herrialde batera bidaltzeko edo konfiantzazko mediku ulerkorra ordaintzeko. Formak mantendu egin behar dira beti, baina badira, beti izan dira, zirrikituak beste bizimodu bat egiteko, tartean dirua baldin badago, jakina. Itxurak egin eta dirua izan, horixe izan da arau moral nagusia gutxi batzuen-tzat. Eutanasiarekin gauza bera egin dute: tratamendu eta klinika garestiak. Ezagunegia da kontua.

Sufrimendua arinduko da guztiontzat hemendik aurrera, aukera izango dugu behintzat, nahi izanez gero. Guztiok.