ruden Gartziak, euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiaren Azkue liburutegiko eta Artxiboko zuzendariak, bere Nazionalismoa eta kultura artikulu bildumaren harira Berrian egin dioten elkarrizketan, etorkinek euskaldun sentitzeko ze arrazoi ote duten galdetzen du.

Frankismoak ezer onik ekarri bazion Euskal Herriari, euskaldunok euskara eta euskal kulturaren alde jarri izana aipatzen du Prudenek. Batzen gintuen zerbait.

Gaur, ordea, euskal nazioaren sinbolo amankomun baten falta salatzen du eta denok eroso sentituko garen euskal kultura bat.

Halabaina, etorkinak ezezik, Euskal Herrian bizi diren eta euskaldun sentitzen ez diren gainontzeko biztanleak ere sartu beharko genituzke Prudenen galderapean. Erantzuna da jakitea euskaldun izatea zer den, edota nola edo zergatik sentitzen den bat euskaldun, eta XXI. mendean euskaldun sentimenduaren baitan zertzuk arrazoi aurkitu nahi ditugun. Erantzuna erraz samarra da artikulatzen baina, ez hala, edukiz janzten.

Galdera erraldoia bi azpi-galdera txikitan banatuko nuke nik: batetik, zein esparru izango den XXI. mendean gure herriaz harro sentiaraziko diguna eta, aldi berean, integratzailea izango den elementua. Eta, bigarrenik, zein esparrukoa izan behar duen guztiok onetsiko dugun eta ordezkatuko gaituen sinbolo amankomuna.

Eraiki beharrean daude, bai arrazoia eta bai sinboloa. Beharbada, existitzen dira jada eta, apika, azaldu egin behar dira bakarrik.

Nago, helburu amankomun bati begira egiten den lana eta lanaren emaitzak parteka-tzeak sorrarazten duela harrotasun sentimendurik behinena eta partekatua baldin bada, ezin integratzaileagoa dela. Lehenago batzokiak sortu ziren bezala, XXI. mendeko sare erraldoi bat sortzea amesten dut, zeinetan euskal herritar guztiek (etorkinak eta diasporako herritarrak barne) beren gizartearen garapenaren alde lan egingo luketen eta zeinetan, lan egiteaz batera, euskararen eta euskal kulturaren munduan murgiltzeko aukera izango luketen.

XXI. mendean batuko gaituen lan-, harreman-, sormen- eta integrazio-espazioa.