asa den martxoan, itxialdia hasi zenean, ekitaldiak, jardunaldiak, jaiak eta abar maiatzera arte atzeratu zituzten. Apirilean, itxita oraindik, maiatzean egin behar ziren ekitaldi, jardunaldi eta jai atzeratuak urrira arte atzeratu zituzten berriro ere. Orain urriaren hasieran, datorren urtera arte atzeratu da guztia, edo ia guztia, eta neguan egin beharrekoak bertan behera uzten hasi dira apurka-apurka. Badirudi otsailean inauteri sonatuenak ez direla ospatuko, entzun dut donostiarrek ez dutela urtarrilean izango urteroko zarata-orgia hori, batukada avant la lettre hori (danborrada esan nahi dut, barkatu), eta aste honetan bertan Bilboko alkateak esan du aurten ez dela Olentzeroren desfilerik egongo. Kalkulatu dut hurrengo urteko martxoa dela jarri dugun azken muga, maiatzean eman behar ziren kontzertu batzuk zalantzatan daudela jakin dudan arren (ez ikusiarena egin nahi diot zurrumurru horri). Ez dakit ez-Olentzero, ez-danborrada edo ez-inauteriak ikusiko ditugun. Baliteke. Ergelkeriak gustatzen zaizkigula argi dago. Ez dut uste, baina, oraingo guraso arduratsuek seme-alabak metatuko dituztenik ez-Olentzero bati argazkiak egiteko.

Laburbilduz, hurrengo martxoan dena, edo ia dena, atzeratzearen lehen urtemuga beteko dugula; horixe bai izango dela geroko gero arrakasta-tsuena. Egia da ekitaldi batzuk mantendu egin direla, jazzaldi eta zinemaldi txikitxoak, adibidez, eta irakurraldiren batera edo antzerkiren batera joateko aukera izan dugula, baina jendetza biltzen zutenak desagertu dira. Eta ez dakigu noiz arte; batzuek 2021eko uda aipatu dute, eta uda aipatzen duenak udazkena ere aipatzen du. Nik nahiago dut muga, oraingoz, martxoan jarri, ikusiko dugu gero ikusi beharrekoa. Lehendik ere epe oso luzerako planak egitea ez baldin bazen oso gomendagarria buru osasunerako, orain guztiz absurdoa da, eta "batek daki" esaera inoiz baino erabilgarriago bihurtu zaigu. Ez du zentzu askorik pentsamendu beltzetan galtzeak, edo martxoa baino lehenago genuen abiadura nostalgiaz gogora-tzeak. Oraingoz, egunero ditugun zailtasunekin nahikoa zaigu. Gerokoaz, batek daki.