ataluniako presidentea izatea laster sartuko da lan prekarioen zerrendan, antza: erbestera joan behar ez duenak Auzitegi Gorenak ezarritako inhabilitazioa jasotzen du, eta berehala galtzen dute lanpostua; ez da harritzekoa, beraz, Kataluniako parlamentuak presidentegairik ez aurkitzea.

Gaizki hasi naiz, barkatu. Lan prekarioak milaka dira, eta gustu txarrekoa da hasierako txantxa hori. Gainera, badirudi, gai honi buruz idazterakoan, derrigorrezkoa dela hasierako esaldi bat, argi eta garbi utzi eta zehazteko Quim Torra ez dela norberaren gustukoa, norberak beste ideiak dituela, norbera ez dela Torrazalea, edo horrelako zerbait. Eta ez nuen horrela hasi nahi.

Quim Torraren abokatuak helegitez eginiko aldapa ezagunari ekingo dio orain: Auzitegi Konstituzionala hasieran, geroago Europako epaitegi eta auzitegiak; urte batzuen buruan oraingoa bidegabekeria izan dela erabakiko dute Salvador Espriu poetak aipatu zituen iparraldeko lurralde zibilizatuago horietan. Badira adituak Espainiako Erresuman horixe bera esaten dutenak, baina denok dakigu epaile espainiarrak mundu berezi batean bizi direla, elkarren lehian erregearen aurrean nor gehiago makurtuko, eskumuturreko parpailak astinduz.

Izan ere, Espainiako "demokrazia kontsolidatua" horrelakoa da. Ez da harritzekoa epaileena, Pablo Casado oposizioko buruak lasai asko esan berri duenean espainiarrek Felipe VI. erregeari botoa eman ziotela, baina ez Iglesias edo Garzón diputatuei (espainiar guztiek agian ez, baina bai madrildarrek Iglesiasi eta malagarrek Garzóni, Casado bera Ávilako biztanleek aukeratu zuten bezala, ustez Heidi baino errugabeagoa zenean). "Lurralde zibilizatuago" horietako batean ohe azpian igaroko zituen egun batzuk, lotsatuta, horrelako astakeriak botatzen dituenak, baina Espainiako Erresuma desberdina da eta, egunero ikusten den bezala, arras toxikoa. Eta badakizue zer esaten duten harreman toxikoez, hobe dela alde egitea ahalik eta lasterren.

Ea hurrengo hauteskundeetan katalanek aukera-tzen duten behar bezalako presidente autonomiko normal bat. Ezinezkoa al da Urkullu, edo Chivite behintzat, klonatzea?