larma egoera atzean utzita, mugak irekita eta presioa egiten ari ziren sektoreei era bateko edo besteko lagapenak egin ondoren, orain, hauteskundeak tokatzen dira. Zer eskaini herri honi zehaztea.

Duela bi egun solaskide bat kexu zitzaidan: "Adituoi iritzia ematea eta proposamenak egitea eskatzen digute politikariek. Egiten ditugu. Baina, gero, agertzen dituzten programetan eta ematen dituzten hi-tzaldietan, gure proposamenak zehar lerroetan baizik ez dira agertzen. Agertzen dira, bai, baina hizki etzanez, horietan benetan sinistuko ez balute bezala. Edota sinistu arren, bozkak lortzeko zinez garrantzitsuak ez balira lez".

Herri hau benetan herri egiten duten ezaugarriak zeintzuk diren zehazteaz ari ginen: euskaraz eta euskal kulturaz, bereziki.

Eta, oraintxe bertan, beste solaskide batek zera esan dit: "Koronabirusak etxeko lanak utzi dizkigu: sistema publikoa sendoago-tzea, osasuna, hezkuntza, zerga sistema, enplegua, zaintza, kontziliazioa€ baina ez dakit politikariek lan hauek zehar lerro bezalaxe ez ote dituzten jasoko eta programaren zutabeak loditzeko, argazkietan hobeto gelditzen diren eraikuntza egitasmo erraldoien aldeko apustua ez ote duten egingo".

Bukatu dira zehar lerroak idazteko garaiak, ordea. Benetan garrantzitsuak diren gaiak, bigarren plano batean uztekoak. Bigarren planotik ez baitira sekula lehenengora igarotzen eta ez baitira sekula ardatz bilaka-tzen. Trapu epelak jartzeari utzi behar zaio. Erantzun epelek ez baitute inor bere osotasunean asebetetzen.

Bukatu dira, bada, zehar lerroak idazteko garaiak eta aurrerapauso ausarten ordez, egindakoa mantentzearen aldeko politika zuhurrak mirestekoak. Beste jauzi bat ematea eskatzen du momentuak eta gizarteak.

Ausardia eskatzen du. Zehar lerroak lehen planora ekartzea. Azalpenak eman beharko badira ere. Horretarako daude politikariak. Adituen ahotsa entzun behar da, herri honen etorkizunaren garapenerako zer behar den aztertzeko eta erabakiak hartu behar dituztenekiko zubi lana egin dezaten. Zehar lerroak indartzeko garaia da.