Zirrikituetatik begira

Harbide zilar bat

18.05.2020 | 00:06
Harbide zilar bat

krisiak kudeatzeko ez gaude sekula prestatuta. Eta sorpresaz harrapatzen gaituztenean, "sua" itzaltzea izaten da guztion lehenbiziko erreakzioa. Iraunbizitzen jarraitzeko. Lehenbizi premia biziko kontuak hartzen ditugu langai eta guztiok ulertzen dugu, bestelakorik falta bada ere, lehenbizi, urgentziazkoak kudeatu behar direla.

Gobernuak eta erakundeak, krisi garaietan, euren gobernantzaren eta kudeaketaren berri ematen saiatzen dira gardentasunaren izenean: krisitik ateratzeko hartutako neurriak azaltzen dizkigute, behin eta berriz, horretara laburtuko balitz bezala beraien ardurapean dagoen egiteko guztia.

Gobernu zentralak bere esku hartu du honakoan esku-makila. Eta Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan defendatu eta eskatu du autogobernurako tartea. Hala ere, herri batek bere herri agintariak zuzen ari direla baieztatzeko edota herri izaten jarraitzen duela sentitzeko ez da autogobernua eskatzea erabil daitekeen formula bakarra.

Mugaz gaindiko epidemia global honen aurrean, non sentitzen dute herritarrek dagoela beren herria? Zerk sentiarazten die beren herriarekiko harrotasuna edo atxikimendua?

Gobernu zentralak arrazoiari eta masei begirako komunikazioak egiten ditu. Guztientzako berdin. Guztiok otzantze aldera. Eusko Jaurlaritzari badagokio, ordea, bere herritarrei begira bestelako komunikazio bat egitea. Herritarrek herri bateko direla sentiaraziko dizkioten elementuak erabiltzea: berezko balioetan oinarritutako sinboloak eta kultura adierazpen askotarikoak, kasu. Nik, Eñaut Elorrietaren Harbide zilar bat emankizunean aurkitu dut azken aste hauetan falta zitzaidan heldulekua.

Herri bat ez da ustez ondo kudeatutako datuak ematetik bakarrik egiten, babesten eta konbentzitzen. Krisi garaian ere, herriak, herri egiten dituen arrazoiak behar ditu bizi eta sentitu. Herri baten arima ez baitute berotzen "Denon artean lortuko dugu" bezalako slogan maiztuek, apertenentzia sentimendua bizten dizkiguten adierazpen eta bizipenek baizik.

Más información