Zirrikituetatik begira

Kaiolatik at

23.02.2020 | 23:55
Kaiolatik at

gure herri santu honetan, gauzak (dena) kaxoietan sartu eta etiketa-tzeko joera dugu. Bakoitzari bere lekua egokitzekoa. Horrek, halako ziurtasun edo ordena sentsazioa ematen digu, nonbait. Gure etxea eraikitzen aritzearena. Beti eraikitzen.

Artzek sortutako eta Laboak musikatutako Txoria txori kantua euskal herritarron ereserki bilakatzeko proposamena aireratu da asteon. Euskal herritar ororentzat baliagarria izan litekeen kantua. Denongandik onartua. Herritar askok, de facto, hainbat ekitalditan erabili duguna: hor aipatu dira Athleticeko milaka zalek Pozas kalean kantatu zutenekoa, Anoetan Realak eta Athleticek jokatu zuten derbian milaka zalek abestu izana edota Baionako errugbi zaleek ere maiz kantatzen dutena.

Maddi Zubeldia musikariaren iritziz, kantu bat ereserki bilakatzeko hiru baldintza behar dira: bata, ikasteko erraza izatea; bigarrena, herritarrek kantuaren zentzuarekin bat egitea; eta hirugarrena, egoera edo une jakin bati atxikia izatea.

Herritik sortzen diren kantuak ere egoera eta une jakin bati atxikiak izaten dira maizenik. Eta herritarrek kantuaren zentzuarekin bat egiten dutelako eta protesta edo jai edo ekitaldi baten inguruan ahotsa ematen dielako kantatzen dute.

Gurean, askatasun, berdintasun eta bateratasun seinale dela esango nuke. Txoria txori masiboki erabili diren kasuek apartenentzia sentimendua erakutsi eta konpartitu nahi izan dute. Baina modu guztiz askean erabakita aireratu da kantua eta batasun sentimendua.

Uxala, Reala eta Athletic taldeak Espainiako Errege Koparen finalera heltzen diren eta, era naturalean, hala sentitzen dutelako, erregearen aurrean Txoria txori kantatuko duten.

Nik herriari libre gozatzen utzi nahi nioke. Bere kantua erabil dezan. Inolako etiketarik jarri gabe. Zertarako ereserki izena eman eta kaxoian sartu? Zergatik ez diogu txoriari libre izaten utzi behar? Uste dut Artzek hori zeukakeela buruan. Herriak berea den zerbait izan dezan nazio eta estatuen mugez gaindi. Nik txoria kaiolatik at nahi dut. Horrek ni ere aske egiten nauelako, behingoz.

Más información