Lider mesianikoen ezaugarria izaten da historiara pasatzeko zernahi egiteko prest egotea, horrek koherentzia eta sinesgarritasun galera badakarkio ere.Moldatuko dute diskurtsoa, bihurrituko arrazoibidea, historia irabazleek idazten baitute.

Lider moldakor eta abilak egoeraren baitan bilatzen ditu aliatuak eta kokapenak. Moldakortasun horrek edonoren eskubideen gainetik jauzi egitera badarama, bidean eginiko urratsek norbere erantzukizunak eta inoren giza-eskubideak zapaltzeko erreparorik gabe, giza-balioen eskalan lokatzetan edo estolderian kokatu beharreko liderra da.

Sahararren egoerak ez du erantzule bakarra, baina lehena, ardura jatorrizkoak dituena, bat da: Espainiako erresuma; herrialdea bidegabeki kolonizatu zuena; berekoikeriaz eta zabarki jokatu, deskolonizazio prozesua behar bezala burutu ez eta emandako hitza jan zuena; erantzukizun historikoei uko egiten diena; hainbat hamarkadatan Marokorekiko harreman komertzialak lehenetsi dituena, haiek okupaturiko lurrean giza-eskubideak nola zapaltzen diren jakin eta beste aldera begiratzen duena; NBEren, Afrikako Batasunaren, Europako Batasunaren, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren eta Europako Justizia Auzitegiaren ebazpen eta jarrerekin talkan jarri dena; egoera geopolitiko korapilatsuaren aterkipean sahararrak miseriara eta menpekotasunera kondenatu dituena.

Ukrainara armak bidaltzea erabaki duen gobernuak berak eskubide historikoen defentsan zituzten arma diplomatiko eta politikoak kendu dizkie sahararrei. Sahararrak hil, desagerrarazi, bortxatu eta kartzeleratzen dituen errege tirano bati gutun bat bidali dio Sanchezek: "Mohamed VI.a jauna, zuk proposaturiko plana da bideragarriena". Guapoa eta garaia izango da, dotore jantzita eta ongi makillatuta ibiliko da, baina historiaren liburuan oso itsusi geratu behar du Sanchezek. Doilor, berekoi, faltso, traidore.