Balirudike gure arduradun politikoak azken puntuak alde egin dion bertsolaria bezala dabiltzala, nora eta nondik jo ez dakitela. Haiek ere argi bitza izpi batek. Ospitaleetako eriak eta erizainak datozkit gogora; murrizketek itotako enpresari edo beharginak; lagunengana joan ezinik etxean triste dagoen haur edo gaztetxoa; urteko azken gaua bakarturik ospatu behar izan arren, soinekorik finena eta takoi zorrotzak jantzirik, ezpainak gorri-gorri margotu dituen emaztekia; gelako bakardadean, daukan xanpainik edo ardorik onena edaten ari den adineko pertsona; horretarako ere kuraiarik eta bizipozik ez duena; bakardadea hil arteko bidelagun izatera kondenaturik dagoen hura; non bakarturik ez duena; urte zaharrak ebatsi dizkigun lagun maiteak eta haien senideak; urrun ditudan adiskideak...

Urte zahar gaueko telebistako emankizunean ikusi nauenean, kameraren aurrean beti irribarretxo batekin agertzen naizela esan dit semerik gazteenak. Hori ere badu ofizio honek, jendeaurrean ari behar izaten duten gainerakoenek bezala: eder-begi eta egonkor agertu beharra, norbere barne-aldartea gorabehera. Iganderoko irakurleonganako konfiantzaz eta estimuz, aitor dezadan neuri ere on egiten didatela zuen argi izpiek. Datuak datu eta egoerak egoera, urte berrian ere saia gaitezen elkarrentzat izpi goxo izaten.