Gure bizilagun batek txikitako etxepean eskailerak igotzeko arazoak zituen eta igogailu bat jartzeko baimena eta ordainpartea eskatu zituen. Ez zuen proposamena aurrera ateratzerik lortu. Bizitza gidoi makabro bat baita, orduan ezezkoa emandakoetako batek eskatu behar izan zuen baimen bera hamarkada batzuen buruan.

Ez dago norberak desgaitasunen bat izatea bezalakorik gure herrietako etxepe, espaloi, zebrabide, denda, taberna edo botiketan dauden traba arkitektonikoez jabetzeko. Edo elbarrientzako aparkalekuak errespetatzearen garrantziaz. Zarauzko gure lagunik onenak esklerosi anizkoitza du. Herrira joaten naizenetan, ez dut bide bera egiten harekin eta hura gabe. Bakarrik noanean neure munduan barneratuta joan naiteke, ibilbideaz pentsatu gabe. Gaizkanerekin noanean, aldiz, nondik eta nora joan behar dugun pentsatuta abiatzen gara; zein zebrabidetan dagoen koskarik txikiena, zein tabernatan ate zabalagoa edo ongi egokitutako komunak...

Gure seme nagusiak buruko paralisia duen gelakide maite bat izan zuen LHn, Jokin. Erraiak sutzen zitzaizkidan ezinduentzako aparkalekua, haientzat jarria, ez zegokienek erabiltzen zutenean. "Bi minutu izan dira!". Hain juxtu, Jokinek behar zituen biak.

Gaizkanek aspaldi eman zizkidan eranskailu batzuk, elbarrien aparkalekuak erabiltzen dituzten txofer ez-elbarrien autoaren aurreko kristalean itsasteko: "Aparkelekua kendu didazu, nahi al duzu nire desgaitasuna ere?". Behin neure lagun min bati jarri behar izan nion. Negarrez geratu zen. Izan ere, mezua oso bortitza da. Motordun okupak taldekoek beste estrategia bat erabiltzen dute: gaizkiutzitako ibilgailuei argazkiak atera eta publikatu. Helburua bat eta bera da: herritarrak gonbidatzea bi minutuz begiak itxi eta beren burua desgaitasuna duen pertsona baten aulkian irudikatzera. Begiak ixteko prest?