Iritzia

Xabier Euzkitze: Larrien

28.02.2021 | 11:35
Xabier Euzkitze: Larrien

Tristura eragin dit Miren Larrionen aferak. Ez berekiko senti nezakeen enpatiagatik bakarrik, ez estutasunean neure burua gauza makurragoak egiten irudika dezakedalako soilik; aukera politiko baten ordezkaririk baliotsuenetako bat sekula guztirako jokoz kanpo geratu izanak eman dit pena. Ez dut uste okerra edo gaitzesgarria denik EH Bilduk gertaera ilun horren aurrean izan duen jokaera. Aitzitik, edonork suma dezake beste alderdiren bateko kideren batek hanka-sartze bera egin izan balu zenbatez zorrotzagoak izango ziratekeen, ustezko delitugilearekin zein alderdiarekin. Ez dago ispiluaren aurrean jartzea bezalakorik.

Larrion izan zitekeen artikulu honen izenburua, edo Larrioff. Larrien deitzea erabakirik, zerrendako lehen postuetatik ezkutatu egin zait Miren. Mikel Zabaltza hil egin zutela egiaztatzen duen grabaketa entzun dugu. Hoztasun asaldagarriz, orbaizetarra nola hil zitzaien kontatzen dute Cesideko Perote koronel ohiak eta guardia zibileko Gomez Nieto kapitainak. Laborategian sagu bat hil izan balitzaie ere nekez hitz egingo zuketen hoztasun handiagoz. Estatuaren aparatuek sortutako talde terrorista bat, guardia zibilaren kuartel batean hil arte torturatzen. Eta basakeria horien erantzule behar lukeen estatua gaia desbideratu eta beste aldera begira. Bakarren bati burutik pasako zaio, agian, Intxaurrondoko kuartela saltzea, PPk Genova kaleko egoitza bezala. Arazoa ez da eraikin bat, ordea, usteldutako egitura baten zimenduak baizik. Grabaketa horren berri izan dugun aste berean jakin dugu Espainiako errege emerituak beste 4,3 milioi euroko zorra kitatu duela Ogasunarekin. Hilabete batzuk lehenago kitatutakoei gehituta, zortzi bat milioi ditu ordainduak. Estatu-buru izandakoa estatuari lapurretan, herritar bakoitzari burutik behera kaka egiten, eta inork ez daki nondik egin dituen halako dirutzak. Horiek dira izugarrien, mingarrien, salagarrien, larrien.