Hiltzeko egun onik ez omen da. Nork daki. Beharbada, doanarentzat edozein egun da ona atseden hartzeko. Hemen gelditzen direnentzat da gogorra maite den norbaiten galera. Batzuek, ordea, ez dute nork negar egin ere. Gizarte honetako ikusezinak, aldi berean, sentiezinak ere badira.

Atzo goizean lau eskela zeuden Zarauzko Santa Klara komentuko horman itsatsirik. Bakoitzaren izen-deiturak, adina, eta bizilekua irakur zitezkeen. Bosgarren hildako bat ere bazen. Gizonezkoa omen, ez dakigu izendeiturarik, ez adinik. Torre Luzeko parkeko banku bat zuen loleku. Gabon gauean, Belengo estalpe xume batean Jesus haurra jaio izana gogoratu eta ospatzen dugun gau ustez magiko horretan, 2021 urteren buruan, lehen mundua omen den herri pribilegiatu honetan, estalpe xumerik ere ez zuen gizaki bat hotzez hil zen. Beste edozein bezain pertsona, oinarrizko eskubideak beste edonork adina merezi zituena. Duintasunez bizi eta hiltzea merezi zuena. Eta gure herrikidea. Atzo goizean norbaitek larrosa gorri bat utzi zuen gizonak azken gau tristea pasatu zuen banku koloretsuaren gainean. Inori ezer konponduko ez dion aierua, baina, gutxienez, norbaitek gogoan izan du eskelarik, bertsorik eta hiletarik izango ez duen gizon hori. Edo, menturaz, larrosa gorria utzi duenak justizia soziala eta gutxieneko duintasuna aldarrikatu nahi izan du keinu soil horrekin. Edo, agian, handik pasatu garenoi une batez begiak itxi eta eraiki dugun gizarte honi buruzko gogoeta labur baterako gomita egin nahi izan digu. Edo, apika, barkamena eskatu eta bidaia ona opa nahi izan dio. Denon izenean.