undu osoko biztanleriaren bizitzak baldintzatu dituen birus bat, herritarrak beldurtu eta euren etxeetatik irtetera behartu dituen sumendi bat, kaleak ibai bihurtu dituzten uholdeak... Garai hauetan badirudi ez gaudela ezertan salbu. Eta sentsazio horren aurrean, gure erreakzioa gutxienez bi motatakoa izan daiteke: erabaki dezakegu hitzak hauspo gisa erabiliz gure amorruaren sugarra gehiago piztea; edo, bestalde, zoritxarraren aurrean sentitzen dugun amorru natural hori egoera hobetzen saiatzeko erabili dezakegu, edo, gutxienez, egin dezakegu hondamendia ahalik eta hobekien eramaten lagunduko digun zerbait.

"Ezertan salbu ez zaudenez, saiatu zeu izaten zerbaiten salbazioa". Ida Vitale poeta uruguaitarraren esaldi bat da, mundua gainera datorkigula sentitzen dugunean nola erreakzionatu dezakegun erakusten diguna. Zerbaiten salbazioa izatea, zerbait hori txikia izan arren, geure salbazioa ere izan daiteke.

Eta zerbaiten salbazioa izatea ia beti oinarritzen da honako ideia nagusi honetan: gizabanakoaren gainetik, taldean pentsatzea; askatasuna indibidualismoarekin eta bakoitzak nahi duena egitearekin ez nahastea; argi izatea norberaren askatasunaren muga besteen askatasun eta eskubideen errespetuan dagoela eta hortik aurrera ezin zaiola horri askatasuna deitu.

Askatasuna hitza komeni zaigun bezala erabiltzen dugu. Barrutik hustu dugu eta hor sartu dugu nahi izan dugun betegarria, kuxin bat balitz bezala. Aste honetan kartel bat ikusi dut, ez txertatzea erabakitzeko askatasunaren izenean, eraso sexisten aurrean erabiltzen den "Ez da ez" leloa erabiltzen duena eta presio sozialak behartutako txertoa "bortxaketa" bat dela adierazten duena. Ez dut hitzik erabilera horrek eragiten didan gaitzespena deskribatzeko. Ana Galarraga zientzia-komunikatzaileak Twitterren dion bezala, denak ez du balio. Bide batez, agur bero bat bidaltzen diot Anari, pandemia honetan ezagutzari egindako ekarpenagatik. Vitalek dion bezala, behin ezertan salbu ez gaudela jakinda, zerbaiten salbazioa izaten saiatzearen adibidea da.