iurrenez ez zara artikulu honen bukaerara helduko. Ziurrenez izenburua irakurriko duzu, baina hirugarren lerrora heltzen zarenerako beste izenburu batek, beste notizia batek edo argazki batek emango dizu atentzioa eta honen irakurketa utziko duzu. Edo agian ez da beste artikulu bat izango, agian artikulu hau Internetez irakurtzen ari bazara, bat batean posta elektronikoan mezu bat sartzen ikusiko duzu pantailaren beheko aldean eta mezu hori irakurtzen hasiko zara; edo bestela, artikuluaren hirugarren lerrora heltzen zarenean, zure WhatsAppean mezu berririk dagoen ikusteko nahia sentituko duzu eta telefonoa hartuko duzu esku artean; edo agian Facebook eta Twiterren zintzilikatu dituzun azken komentarioek erantzunik jaso ote duten begiratzeko beharra sentituko duzu artikulu hau bukatu baino lehen.

Ziurrenez ez zara artikulu honen bukaerara helduko, azkenaldian ez zarelako bukaeretara iristen. Berdin iritzi artikulu bat, berdin notizia bat, berdin nobela bat€ Pelikulak ere luzeegiak egiten zaizkizu. Ez duzu pazientziarik jada. Aspaldian galdu zenuen zerbait irakurtzen eta ikusten hasi eta inguruko mundu guztia ahazteko zenuen ahalmen hura. Buruko zappinga egiten duzu etengabe, gaur egungo erritmoak, gizartearen abiadurak, informazioen zaparradak eraginda, eta sakontasunik gabe geratu zara. Orain, nahita ere, ezin duzu sakonera sartu, eta konturatzen zara gauza asko utzi dituzula erdizka: zenbat artikulu interesgarri utzi dituzun gerorako, adibidez, izenburua bakarrik irakurrita; zenbat nobelarekin gertatu zaizu hainbat lerro irakurri ondoren konturatzea ez zeundela adi, zeure burua beste toki batean zegoela€

Ez zaizu zuri bakarrik gertatzen. Zure inguruko askok ere askotan sentitu dugu pazientzia galdu dugula, eta bereziki irakurtzeko eta edozer gauza gozatzeko behar den tempoa ere galdu dugula. Daramagun abiadura eta presa honek ez digu ezer dastatzen uzten. Eta horrela, poliki-poliki, azalean bakarrik geratzen den gizarte bat bihurtzeko arrisku handia dugu. Izenburuei bakarrik erreparatzen dien gizarte bat.