Boteprontoan

Txertoa

28.02.2020 | 03:06
Txertoa

be a lady, they said du izenburua. Sareetan zehar dabilen bideo bat da. Bertan egunero iragarkietan, aldizkarietan eta telebistan agertzen diren emakumeen irudi ugari erakusten zaizkigu, eta, aldi berean, emakumeok gure bizi-tzan zehar esponja gisa xurgatzen ditugun zenbait agindu zerrendatzen dira; askotan kontraesankorrak diren aginduak, adibidez, aldi berean sexyak eta mojak izatea, zikinak eta garbiak... Cynthia Nixon aktoreak mezu hauetako batzuk zerrendatzen ditu bideoan: zure gona oso motz dago, zure gona oso luzea da, ez erakutsi hainbeste, estali zaitez, jarri sexy, jarri hot, ez izan hain probokatzailea, eskatzen ari zara eta, izan zaitez garbia, izan zaitez sexuala, izan esperimentatua, izan errugabea, izan zikina, ez izan hain lizuna? Argalegi zaude, lodiegi, egin dieta?

Bideoa ikusten ari naiz nire alaba ondoan dudala. Oraindik ez ditu hamar urte bete baina bera ere ez dago bonbardaketatik libre. YouTuben ikusten dituen bideoetako protagonisten keinu sexyak imitatzen ikusten dut batzuetan, dantzan ari den bitartean zilborra erakusteko elastikoa igotzen edo tutorial batean azazkalak edo begiak margotzen ikasten, erakargarri egoteko. Ikusten dut neska hipersexualizatuen irudiak ikusten eta gero bere tripari begira-tzen, eta esaten gizena dagoela eta agian dieta egin behar duela, eta pentsatzen dut jada bidean dagoela, bideoan aipatzen diren mezu horiek guztiak xurgatzeko prestatzen ari dela: bere gorputza kanonari jarraituz moldatzeko prest, sexy erakusteko, hot erakusteko, dieta egiteko, bere gorputzeko bazter guztiak depilatzeko?

Eta ezetz esan nahi diot, bere tripa ederra dela, ez duela inoren gozamenerako objektu bihurtu behar, baina sentitzen dut nire hitzak ez direla nahikoa korrontea gelditzeko.

Ez daukat maskararik birus hau geldi-tzeko. Edo agian bai. Nire ondora deitu dut eta elkarrekin ikusten hasi gara bideoa, emakumeen irudi haiei buruz hitz egiten dugun bitartean. Lehenbailehen jarri behar diot txertoa. Lehenbailehen jarri behar dugu guztiok txertoa.