Urtarrila astelehen luze bat da. Urtarrila da auto baten barruko astelehen goizeko aharrausia, liburuz beteriko eskolako motxila pisutsu bat, egin gabeko ohea, asteburuko oroitzapena ezpainetan, hozkailu hutsa, zereginen zerrenda amaigabeak, ogia erostea etxerako bidean, neke kronikoa.

Urtarrila norberaren pausoen gainean ibiltzea da, jendearen pausoen gainean. Urtarrila zeure buruari ispiluan jende itxura hartzea da; markesinetatik irribarre egiten dizuten hortz zuriko pertsona horiek oso urrun bizi diren estralurtarrak direla sentitzea da; Correosen bulegoan ilara egin eta zeure burua zenbaki bat balitz bezala ikustea da; medikuarekin hitzordua eskatzeko duzula pentsatzea eta gaur ere biharko uztea.

Urtarrila astelehen luze bat da, eta agian zentzua du baldin eta bertatik igarotzen denak ez badu galtzen berritzeko, gauzak hobeto edo beste era batera egiteko gogoa, beste helburu batzuetara iristeko bide berriak bilatzeko gogoa, benetan gustatzen zaion horretara hurbiltzeko urrats sendo eta ausartak ematekoa. Izan ere, urtarrila merkealdietan arropa, izara eta toalla berriak erostea ere bada. Eta zure etxea eta itxura berritzen dituzun bezala, urtarrilak aukera ematen dizu bide berriak irekitzeko, itxaropen eta ilusio berriak izateko, gustuko duzun zerbaiten ahalegintzeko, etorkizunerako lurra prestatzeko, errutina eta ohiturei aurrea hartzeko.

Talaia ona da urtarrila, bidea prestatzeko aukera ona. Ereiteko une egokia. Urtarrila aukera ona da berriro ere ibiltzen ikasteko. Denbora batez modu automatikoan ibiltzeari uzteko eta kontzientzia hartzeko zein momentutan ari zaren ezkerreko oinarekin zapaltzen eta zeinetan eskubikoarekin. Urtarrila berritzea edo hiltzea da; pedalei eragiten jarraitzea da, baina begirada iritsi nahi duzun helmugan itsatsita. Une egokia da nora iritsi nahi duzun galdetzeko. Baina amaitu zaigu urtarrila. Eta, hara, kasu askotan ogiaren kurruskua jaten heltzen gara eguerdian etxera, oraindik otsailean zer izan nahi dugun jakin gabe, handitan zer izan nahi dugun jakin gabe.