Gizarteak ez du euskalgintzaren berri, ez informaziorik, ez interesik. Existitzen denik ere ez daki askotan. Erdaren bidez euskararen mundura erakartzeko estrategiarik ez da jorratu". Joan Mari Torrealdairen hitzak dira, eta bere heriotzak gure herri honetako eremu ezberdinetan izan duen oihar-tzun diferentea ikusi besterik ez dago arrazoi handia zuela baieztatzeko. Haren heriotzak oihartzun handia izan du euskararen munduan eta, aldiz, erdaren munduan nahiko eskasa. Gure kulturaren eta euskalgintzaren erreferentzia ezinbestekoa izan denak leku asko hartu du komunikabide batzuetan, eguneko albiste garrantzitsuena bihurtuz. Beste komunikabide batzuetan, aldiz, ia oharkabean pasatu da. Esan daiteke erredakzio batzuetan ez zekitela nor zen Joan Mari Torrealdai, edo ezagutzen bazuten ere, ez dutela euren munduko erreferente bezala sentitu, ez baitute gertutik ezagutu herri honetako kultura eta hizkuntzari egin dion ekarpen handia.

Torrealdairen hitzak berriz: "Euskararen mundua eta gizartea ez daude elkarri bizkarra emanda, ez. Euskalgintza subsumitua dago, erdararen barruan minorizatua". Euskal eta erdal mundua gure gizartean dauden bi errealitate paralelo direla esaren denean, ez da egia. Ez daude paraleloan kokatuta. Bata bestearen barruan dago, azpian ez esatearren. Euskararen munduan bizi direnak erdal munduan ere bizi dira, eta oso ondo ezagutzen dute mundu hori, baita mundu horietako protagonisten gora-beherak ere. Erdal munduak, aldiz, ez du ezagutzen euskal mundua. Nik aste honetan bati baino gehiagori azaldu behar izan diot nor zen Joan Mari Torrealdai.

Lezio asko utzi dizkigu Joan Marik. Bat, transmisioaren beharra. Eta transmisio hau ez dela bakarrik euskararen mundura mugatu behar. Herri honetan bizi diren guztiei heldu behar zaie euskararen munduan gertatzen denaren berri. Inguruan oraindik deskubritu ez duten altxor bat dagoela sentitu behar dute. Denon artean zaindu beharrekoa. Zaila da ezagutzen ez duzuna maitatzea. Zaila da zure mundukoa ez den zerbait zaintzeko beharra sentitzea.