Zirrikituetatik begira

Hiru ideia ero

17.12.2019 | 16:54

durango ez da arrakastaz hiltzen ari. Modan da orain, arrakastatsua den zerbait esku artean dugunean, gehiegizkoa ez ote den galdetzea. Beti beldurrez. Baina ez, Durango ez da arrakastaz hiltzen ari. Euskaldunen topalekua da, sortzaileen erakusleihoa eta euskal kulturaren industriaren plaza. Euskal kultura maite duenak Durangon aurkitzen du bere burua, euskal sortzaileak babestua sentitzen du bere lana eta euskal kulturaren industriak urteko balantzea salbatzeko saltokia du Durango. Beraz, hiru helburu nagusiak betetzen ditu eta, gainera, urtez urte, berrikuntzak eta hobekuntzak erantsiz doa. Hala ere, nago, berdinen arteko harremanak sustatzen dituela Durangok. Beste era batera esanda, jende mota bera mugitzen eta mugiarazten duela azokak. Euskaldunok, euskal kultura maite dugunok eta? kitto. Zirkulu txikia dela, alegia. Edota zirkulutik ateratzeko moduak pentsatu beharko genituzkeela Durangon eskaintzen dena zabaltzeko, irakurzaletasuna sustatzeko eta euskal kultura euskaldunen mundu itxitik haratago hedatzeko.

Hiru ideia ero botako ditut, baliagarri izango ez badira ere, hausnarketarako oinarria izango dutelakoan.

Lehenbizikoa: zer gertatuko litzateke, Durangoko azoka urtero Durangon izan beharrean, ibiltaria izango balitz? Hau da, hiriburu edo herri ezberdinetan antolatuko balitz? Ez luke ingurune eta kolektibo ezberdinak aktibatzeko balioko? Bigarrena: zer gertatuko litzateke, Durangoko azoka babesten duten enpresak urtero (edo bi urtero) ezberdinak izango balira? Ez al li-tzateke interesgune berrietara iristeko aukera? Konpromiso-sare berriak sortzeko manera? Eta hirugarrena: zer gertatuko li-tzateke, urtero komunikabide zehatz bati emango balitzaio azokaren gaineko komunikazio nagusia eta jarraipen informatiboa egiteko ardura? Ez al litzateke komunikabide horren interesa piztuko? Eta beste irakurlego profil batengana heltzeko aukera zabalduko?

Eroak dira ideiok. Badakit. Baina ziur nago, ez direla Durangoko azoka lehenbizikoz antolatzea izan zutenena baino malapartatuagoak.