MENDIRA ez bagoaz, mendia gureganaino etorriko da. Hala egin zuen Mahomak, ezta? Bada horixe gertatuko da bihar hasiko den BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 12. edizioarekin: mendizaletasunaren esparru guztiak ikusgai izango ditugu egunotan. Bilbo mendiaren hiriburu bilakatuko da aste betez, eta irudi zirraragarriekin askatasunaren sentimenduekin bat egingo duzue. Izan ere, azaroaren 15era bitartean, 60 pelikula aurkeztuko dira Bilboko hainbat aretotan. Emanaldi horietan sartu eta begiak zabal-zabal izango ditugu ikusiko dugunak eragingo digunarengatik. Urtero pantailetan bistaratzen ditugun mendi eta abenturazko filmen kalitatea gero eta handiago izaten baita; mendia modan dagoelako, naturarekiko konpromisoak indarra hartu duelako, ekologia eta bizigiro horrek garrantzizko elementu bihurtu direlako, mundua pairatzen ari den klima aldaketa lazgarria guztion ardura delako.

Eta horixe bera nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek aurtengo edizioan. Ikusi duzue jaialdiaren aurtengo irudia? Nola deskribatuko nizueke? Top of Africa deitzen da, eta Afrikako mendirik altuenean (Tanzaniako Kilimanjaro) Christian Pondella argazkilari espezialistak hartutako argazki ikusgarria dator. Tontor mitiko hartan gelditzen den glaziar ezdeusetan izotz eskalatzaile bat ikusten da. Azken izotz zatia. Afrikan. Azkena.

Irudi deigarriak klima aldaketari buruzko hausnarketa luzatu nahi die ikusle eta mendizaleei. Gai hori, seguruenik, pantailaratuko diren film askoren arreta-gune izango da; hori, eta emakumeen presen-tzia eskaladaren eta mendizaletasunaren munduan eta beren ekinaldietan jasaten dituzten oztopoak; urruneko tokietako bizilagunen bizimoduak eta naturarekin gordetzen duten harremana, emozio intimoak, ametsak,?

Denetarik ikusiko dugu makina bat herrialdetatik jaso diren 172 pelikulen artean aukeratu dituzten 56 horietan. Beste datu pozgarri bat, hizkuntzari begirakoa daukagu. Aurten euskarazko filmen presen-tzia handiagotu egin da, eta bederatzi euskal lan aurkeztuko dira Sail Ofizialean.

Egunotan, Mahoma etorri da Bilbora, eta berarekin mendia.