Zirrikituetatik begira

Kontuz, errusiarrak datoz!

17.12.2019 | 16:31

Jende askok dio aspertzen dela Kataluniakoarekin, niri kontrakoa gertatzen zait: niretzat Kataluniakoa liluragarria da. Gutxi dira zerbait erakargarri oparitzen ez diguten asteak, eta ez naiz bakarrik, ondorio eta analisi sakon eta serio guztiekin, arazoaren nolakotasun politikoaz ari, alde izugarriena bezainbeste interesatzen zait alde friboloena. Astea aspergarri samar baldin badator, gainera, hor dago Polònia telebista programa, izugarria modu friboloan, eraginkorrean, aztertzeko. Laburbilduz, Publio Terenzio Afrikarraren esaldia imitatuz esan dezaket lasai "catalani nihil a me alienum puto", katalanen ezer ez zaidala arrotza.

Azken egunotan hemendik aurrera The Russian Connection deituko dudanarekin nago zoraturik. Antza denez, Espainiako Auzitegi Nazionalerako (fikziogile onenak) lanean dagoen epaile batek, García-Castellón jaunak, ikerketa bat zabaldu berri du Errusiako inteligentzia zerbitzuak nahasita omen daudelako Kataluniako independentistekin, CDRekin eta Tsunamiarekin. Egunkarietan filtrazio batzuk agertu dira, Auzitegi Nazionalarenak edo Guardia Zibilarenak, eta artikulu batzuk John le Carréren eleberriak baino korapilatsuagoak dira. Bada Denis Sergeiev deitzen den espioi bat Sergei Fedotov izen faltsua erabili duena Bartzelonara bidaiatzeko (izen antzekotasun hori susmagarria da guztiz), jendea pozoitzen ibili zena Europan. Errusiar horiek gaizto-gaiztoak dira eta Espainia, Europa eta galaxia osoa ezegonkortu nahi dute. Ezegonkortu, lehendakari jauna, salba gaitzazu! Gaiztoenak katalan gaiztoenekin daude harremanetan, Víctor Terradellasekin batez ere, egunkari baten arabera Puigdemonten Rasputin moduko bat dena, zirkulua ixteko. Horixe da The Russian Connectionen azken atala, aurrekoak ere oso interesgarriak dira, espioi gehiagorekin eta sare sozialak pozoitzen dituzten (jendearekin ez omen dute nahikorik) bot maltzurrekin.

Estatu Batuetako, Israelgo edo Saudi Arabiako inteligentzia zerbitzuek kazetariak edo fisikari iraniarrak hiltzen dituzte astero, baina gaiztakeria handienak errusiarrenak dira Katalunian, jakina; garai sobietarretatik datorkie ohitura, gorriak, separatistak, badakizue.